2019an, euskal erakunde publikoek 68,5 milioi eurotik gora jarri zituzten garapenerako lankidetzarako

0
  • Orain bi urte, Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria jarri zen martxan, Euskadiko erakunde publiko nagusietatik akonpainatutako elkartasun-ekimenei buruzko informazioa biltzeko.

2019an, garapenerako lankidetzaren euskal erakunde publikoek 863 ekimen bultzatu zituzten 60 herrialdetan, horretarako 68,5 milioi euro jarriz. Ekimen horietatik 554 2019an hasi ziren. Kopuru horiei buruzko xehetasunak Euskal Lankidetza Publikoaren Atarian daude eskuragarri, non Eusko Jaurlaritzaren, hiru foru-aldundien, hiru euskal hiriburuetako udalen eta Euskal Fondoaren informazioa biltzen den.

Euskal Lankidetza Publikoaren Atariak aukera ematen digu euskal erakunde publiko horietatik akonpainatutako elkartasun-ekimenei buruzko ikuspegi orokor bat edukitzeko, eta kontuan hartzekoa da erakunde horiek direla Euskadin garapenerako lankidetzarako funts publiko gehien bideratzen dituztenak.

Esaterako, Atariak aukera ematen digu 2019an egikaritutako funtsen banaketa geografikoa aztertzeko: % 24 Hego Amerikara joan ziren; % 24 Amerikako Erdialdera, Mexikora eta Karibera; % 20,5 Afrikara; % 20,5 Europara; % 8 Asiara, eta % 3 askotariko ekimenetara edo nazioartean egindakoetara.

Garapenerako lankidetzako eta ekintza humanitarioko ekimenei dagokienez, funts gehien jaso zituzten herrialdeak dira: Guatemala (% 8,2), Peru (% 7), Kolonbia (% 6,4), El Salvador (% 5,6), Bolivia (% 5,3), Ekuador (% 4,2), Senegal (% 4,2), Palestina (% 2,9), Kuba (% 2,8), Kongoko Errepublika Demokratikoa (% 2,8) eta Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa (% 2,4).

Europara zuzendutako funtsen portzentajeari dagokionez (% 20,5), Euskadi da funts gehien jaso zituen lurraldea (% 16,4), gizartea eraldatzeko hezkuntzaren aldeko apustuaren adierazgarri. Gainerako % 4,1 Europako mugetako krisi humanitarioak eragindako errefuxiatu eta migratzaileei arreta emateko erabili da.

 

2014-2019 aldiko datuak

Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria orain bi urte eman zen ezagutzera, eta 2014tik 2019ra bitarteko datuak biltzen ditu. Aldi horretan, aipatutako erakundeek 371 milioi euro baino gehiago jarri dituzte elkartasun-ekimenetarako.

Funts horiei esker, 3.400 ekimenetik gora akonpainatzeko aukera izan da; gehienak garapenerako lankidetzarako proiektuetarako, laguntza humanitariorako eta larrialdi-laguntzarako, eta gizartea eraldatzeko hezkuntza-proiektuetarako izan dira, eta, neurri txikiagoan, administrazioko, ebaluazioko eta sektorea planifikatu eta indartzeko gastuak estaltzeko.

 

Atariaren erabilerari buruzko datuak

2018ko azaroaren 30ean Ataria aurkeztu zenez geroztik, tresna hori gero eta gehiago erabili da. 2019. urtean, 1.804 erabiltzailek bisitatu zuten Ataria, eta 2020ko urtarriletik azarora bitarte, berriz, 2.584 erabiltzailek bisitatu dute. Euskadin kokatutako erabiltzaileek egin dituzte kontsulta gehienak, baina Estatuko beste hainbat tokitatik eta munduko beste herrialdetatik ere egin dituzte kontsultak, Boliviatik, Kolonbiatik, Perutik edo Guatemalatik adibidez.

 

Atariari buruzko informazio osagarria

Atariaren webguneak honako hauei guztiei buruzko informazioa ematen du, gardentasun osoz: garapenerako lankidetzarako baliabideak bideratzen dituzten euskal eragile publikoak; garatutako proiektuak, urtearen, toki geografikoaren eta erakundearen arabera sailkatuak; eta informazio osagarria, Euskadiren ekintza solidario publikoari buruzko ikuspegi orokor bat izateko, grafiko eta analisien bitartez.

Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria, Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien; Bilboko, Donostiako, eta Gasteizko udalen; eta Euskal Fondoa Euskal Toki Erakundeen Lankidetzarako Elkartearen erakundeen arteko ekimen bat da. Hasieratik, EHUko lankidetza eta akonpainamendua izan du, Hegoa Institutuaren bitartez.