Bilboko tranbia Boluetara luzatzeko lanak hasi dira

0
  • Lanen aurrekontua 5,2 milioi eurokoa da – Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udakal finantzatutak – eta 8,5 hilabeteko egikaritze epea izango du
  • Proiektuaren barruan trazatua tranbiarako egokitzea, Atxuriko eta Boluetako geltokiak moldatzea eta Abusun geraleku berria eraikitzea jasotzen dira

 Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Bilbotik Boluetara doan tranbia luzatzeko lanak hasi ditu gaur. Ibilbidea 2,3 kilometro luzatuko da, eta Atxuriko eta Boluetako geltokiak egokituko dira. Lanen kostua 5,2 milioi eurokoa izango da, eta 8,5 hilabeteko epea egongo lanak egiteko. Beraz, datorren urteko azken hiruhilekoan jarriko da martxan.

Jarduketa hori Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren emaitza da eta bi erakundeek hartzen dute parte finantzaketan, % 65arekin eta % 35arekin, hurrenez hurren. Iñaki Arriola sailburuak, Pedro Marco Garraio sailburuordearekin, Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendari nagusiarekin, Javier Seoane, Euskotreneko Zuzendari nagusiarekin, Amaia Arregi Bilboko jarduneko alkatearekin, Alfonso Gil Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziarekin eta Asier Abaunza Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoetako zinegotziarekin batera, Atxuriko geltokia bisitatu du gaur goizean. Bertatik hasi dira adarra luzatzeko lanak.

ATXURIKO GELTOKIA

Atxuriko tranbiaren geralekua gaur egungo leku berean egongo da. 2014an bere mendeurrena ospatu zuen Manuel Maria Smithek eraikitako geltokiaren eraikin historikoak Eusko Trenbideak – Ferrocarriles Vascos erakundearen bulego nagusiak eta tranbiaren eta trenbidearen beraren aginte- postuak hartzen jarraituko du. Kotxetegiek eta tranbiaren tailerrek ere orain arteko leku berean jarraituko dute.

Atxurin, trenbideak eta egungo tranbiaren trazaduratik hurbilen dagoen nasa egokitu ondoren, tranbia sare zaharreko trenbidean sartuko da, biak lotzeko aukera emango duen desbideraketaren bitartez. Bestalde, lantegietara eta kotxetegietara sartzeko aukera ematen duten gaur egungo desbideratzeek jarraituko dute, tranbia zerbitzuarekin bateragarriak direlako eta trenbideko mantentze-lanak egiten dituzten unitateen maniobrak egiteko aukera ematen dutelako. Lanen artean, Los Caños gaineko pasabidearen eta Mirafloreseko tunelaren ahoaren arteko tartean trenbideak estaltzea jasotzen da.

ABUSUKO GELTOKIA

Abusu izena izango duen tranbiaren geraleku berria tunelaren ahotik irten ondoren egongo da (Abusu eta Bolueta artean, Abusu ikastolaren ostean). Bertan, trenbideak Pontongo bidearekin ia zeharka doaz, eta trazadurak geralekua eskola ingurutik ahalik eta gertuen ezartzeko aukera ematen du.

Geltoki berriarekin irisgarritasuna hobetuko da, eta haren, ikastolaren eta Abusu inguruaren arteko lotura indartuko da. Horrek oinezkoen joan-etorria handitzea ekarriko du, mendiaren aldeko espaloitik. Hori errazteko, espaloiaren alde horretako pasabide erabilgarriaren sekzioa handitu egingo da, gaur egungo 2 metroetatik 3 metrora pasatuz, geralekuari jarraipena emanez, eskola eremua sartu arte.

Geltoki berriaren soluzioa trenbidearen bi aldeetan dauden alboko bi nasek osatzen dute. Nasa horiek trenbide pasagune batekin lotuko dira, eta espaloitik iritsiko da bertara, arrapalen bitartez. Antolamendu horrek egungo trenbidean ahalik eta esku-hartze txikiena egitea dakar, egungo trenbideak apur bat mugitzea baino ez baitu eskatzen, kotari altueran eutsiz. Halaber, 30 metroko luzera eta itsasadarraren aldean 3 metro eta 5 metro arteko zabalera eta mendiaren aldean 3,6 metroko zabalera  duten bi nasa jartzea ahalbidetzen du.

Nasa bakoitzean markesina bat egongo da. Markesina horrek, eguraldi txarretik babesteaz gain, igarotzea kontrolatzeko eta billeteak erosteko elementu guztiak (makina baliogabetzaileak eta txartelak saltzeko makinak), instalazioetako armairua eta informaziorako eta publizitaterako errotuluak izango ditu.

BOLUETAKO GELTOKIA

Metro Bilbaoko geltokiaren ondoan dagoen Boluetako geltokia egokitzeko, jarduketak egin beharko dira trenbidean eta nasetan. Nasetako altuera tranbiako material mugikorrera eta nasetako ertzen posizioa tranbietara egokitzeko lanak egingo dira.

Gainera, geralekua irisgarritasun-araudira egokitu beharko da, eta baita trenbidearen superegitura material mugikor berrira eta trenbidearen mantentze-lanetarako ibilgailuetara ere. Telleria kaletik nasetara oinezkoentzako sarbide berriak eraikitzea ere aurreikusten da, eta baita Boluetako geltokira iritsi aurretik dagoen diagonal bikoitza aldatzea ere, tranbien igarobidera egokitzeko.

Jarduketaren barruan instalazio-lanak sartzen dira, katigamenduen aldaketa, katenaria trenbide zabalguneak izango dituen aldaketetara egokitzea, eta trenbideko aparatuak aldatzea, trenetarako aparatuak izatetik tranbiarako aparatuak izatera igaroko baitira.

Duela denbora gutxi Kukullagako kotxetegiak eraiki direnez, orain arte Atxurin lo egiten zuten trenek bertan egin ahal izango dute. Horrela, ehun urte baino gehiagoko geltokiko trenbide zabalgunea libre geratu da, trenbideak eta nasak tranbiara egokitzeko. Etorkizunean tranbiak izango dira, hain zuzen ere, Atxuri unitateak biltzeko leku gisa erabiliko dutenak.

Azpiegitura hori martxan jartzen denean, Bilboko tranbiak 8 kilometroko sarea izango du (orain 5,8ko sarea du), eta Bolueta eta Casilla artean 17 geraleku egongo dira.

Bisitan, Iñaki Arriola sailburuak erakundeen arteko lankidetza eta proiektu hau hasteak duen garrantzia azpimarratu zituen; izan ere, duela urtebete pasatxo, Bizkaiko hiriburua Gernikarekin eta Bermeorekin lotzen duten Euskotrenen unitateak 3. linearen bitartez Bilboko erdigunera sartzen hasi zirenetik desagertu zen zerbitzua berreskuratu egingo da. “Hazten ari den auzo bateko (Bolueta) bizilagunak Atxurira hurbiltzeaz gain, Abusuko geltoki berriarekin jende asko bizi den eta ikastetxe bat duen lekuari ematen diogu zerbitzua. Azken finean, herritarren mugikortasuna erraztea eta haien bizi-kalitatea hobetzea da helburua”, zehaztu du Arriolak.

Bilboko Udalaren aldetik, Amaia Arregi jarduneko alkateak, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza azpimarratu du, eta orain hasten ari diren lan horien garrantzia azpimarratu du, bi ikuspuntutatik: “Bilboko konektibitatearen hobekuntzari dagokionez Boluetako eta Abusuko biztanleek onura handiak jasoko dituztelako; eta erdigunearen eta ikastetxearen arteko lotura berri hori garraio publikoko sistema jasangarri baten bitartez, tranbiaren bidez, gauzatuko delako”.