Donostiako Udalak 14 milioi euro desblokeatu ditu hirian 58 proiektu egiteko

0

Donostiako Udalak 58 proiektu jarriko ditu abian hiriko hainbat eremutan, eta hauetan 14 milioi euro inbertituko ditu. Udalak 2020ko ekitaldiko finantza- eta aurrekontu-etorkizuna argiago definitu ondoren, erabaki du aurrera eramatea berrogeita hemezortzi jarduera ezberdin. Tartean izango dira mantentze- eta hobekuntza-jarduketa txikiak eta anbizio handiagoko esku-hartzeak.

Eneko Goia hiriko alkateak adierazu du Udalak “zuhurtzia-irizpide baten arabera jokatu zuela, Covid-19aren pandemiak eta ondorio ekonomikoek sortutako ziurgabetasunengatik”. Ekitaldi honetako kontuen egoera argitu ondoren, alkateak defendatu du “ekitaldi honetako proiektu batzuk gauzatu behar direla”. Eneko Goiak aldeztu duenez, 60 bat jarduketa hauek “hiriko hainbat tokitan banatuta daude, eta herritarrek oso beharrezko eta espero dituzten jarduerak egitea ekarriko dute”.

Mantentze-lanak eta hobekuntzak

Desblokeoari esker berraktibatzen diren hiri-proiektuen artean, aipatzekoak dira:

  • Arteleku plaza abian jartzea
  • Amara auzoko Ikasketen plaza berritzea
  • Kontxako bidegorria babestea
  • Matigoxotegi eta Cesar Benito futbol zelaiak berritzea
  • Jolastokieta inguruan igogailu berri bat eraikitzea

Ekialdeko Barrutiak ere 350.000 euroko beste proiektu batzuk ere hasi ahal izango ditu berriro. Hala nola, Altza aldean ere Herrera pasealekuan trafikoa semaforoz eta birigulnearen bidez baretu ahal izango dute.

Marisol Garmendia Espazio Publikoetako eta Hiri Proiektuetako zinegotziak esan duenez, “osasun-krisi honen erdian, berri ona da hiri osoarentzat eta auzoentzat, egoera ekonomikoaren ondorioz aparkatuta geratu ziren proiektuak aurrera atera ahal izatea. Donostiar askoren bizi-kalitatea hobetuko duten jarduerak dira eta, hala ere, hiriak martxan jarraitzen duela adierazten dute. Auzoetako, parkeetako, ikastetxe publikoetako, kirol- eta gizarte-ekipamenduetako eta hiriko eraikin enblematikoetako jarduerei dagozkien proiektuak dira”.

Hiria mantentzearekin zerikusia duten jarduketak ere bultzada izango dute, besteak beste:

  • Haur parkeak aldatu edo berritzea
  • Galtzada konpontzea
  • Hiriko gune kritikoak hobetzea eta argiztatzea
  • Victoria Eugeniaren fatxada historikoaren zati bat zaharberritzea
  • Emakumeen Etxea mantentzeko lanak
  • Hainbat eraikinen birgaitze energetikoak hobetzea

 

Proiektuen amaiera

Beste proiektu batzuk amaitzeko berraktibatuko dira:

  • Dbuseko kotxeretako lanak
  • Larratxoko igogailua
  • Astiñeneko zubiaren amaiera
  • Antso Jakitunaren birmoldaketa
  • Altzako kiroldegiko lanak ingurua berriz urbanizatuz bukatuko dira