Euskalmeten arabera, azaroa oso beroa izan da eta mende honetako azarorik lehorrena Euskadinn

0

 

 

  • Azaroan pilatutako prezipitazio-kopuruak, oro har, batez besteko balioen %50etik behera egon dira
  • Azaroa oso beroa izan da kantauri isurialdean eta beroa isurialde mediterraneoan

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, bukatu berri den azaroa oso beroa izan da eta 2000 urteaz geroztik azarorik lehorrena EAEn. Hilabete horretan pilatutako prezipitazio-kopuruak, oro har, batez besteko balioen %50etik behera egon dira. Azaroa oso beroa izan da kantauri isurialdean eta beroa isurialde mediterraneoan.

Euskalmeten arabera, Goierri, Tolosa eta Enkarterriak dira euri gutxien jaso dituzten inguruak, espero denaren %20 baino ez. Soilik Arabako eta Gipuzkoa ipar-ekialdeko estazio gutxi batzuetan 2007an baino euri gehiago bota du aurten azaroan. Euri-egunak oso gutxi izan dira; 3 besterik ez isurialde mediterraneoan eta 5 eta 8 egun artean kantauri isurialdean.

Prezipitazio-kopururik txikienak, 20 l/m² baino gutxiago, Goierri, Tolosa eta Enkarterrietan neurtu dira (Balmaseda 14,7 l/m²; Alegia 16,8 l/m²; Bidania 18,7 l/m²). Kopururik altuenak, aldiz, Gipuzkoa ipar-ekialdean (Añarbe 80,7 l/m²; Miramon 78,4 l/m²). Estazioa bakar batek 100 l/m²-tik gora neurtu du (Eskas 126 l/m²).

Tenperaturari dagokionez, Euskalmetek 2020ko azaroa kantauri isurialdean oso beroa eta isurialde mediterraneoan beroa izan dela egiaztatu du, batez bestekoa baino 2 ºC altuagoa EAEn (1981-2010 denbora tartearekin alderatuz). Batez besteko tenperatura 13,5-14,5 ºC-takoa izan da kostaldean eta 9 ºC-takoa Arabako Lautadan.

Azaroan egun beroak izan dira nagusi eta lehenengo bi egunetan kostaldean tenperatura maximoak 25 °C-tik gorakoak izan dira (Oleta 28 °C hilaren 2an). Airearen egonkortasunari esker, hainbat gauetan izotza bota du (Subijana -4 °C; Espejo -3,9 °C hilaren 22an).

Tenperatura horiekin batera, intsolazioa espero baino handiagoa izan da, %50 handiagoa EAEn. Salbuespena, Arabako Errioxa izan da, eguzki-orduak batez bestekotik gertuago ibili baitira.

Segurtasun Sailak 12 abisu hori eman ditu azaroan, horietako 4 haizeagatik, 3 olatuengatik nabigaziorako, 3 kostaldean inpaktuagatik, 1 enbata arriskuagatik eta 3 izotzagatik.