Eusko Jaurlaritzak 100.000 euroko diru laguntza onartu du Gerediaga elkartearen «Zu non, han DA!» programa bultzatzeko

0

Gobernu Kontseiluak 100.000 euroko diru-laguntza onartu du gaur, Durangoko Azokaren inguruan zuzeneko jardueren ezohiko plan bat finantzatzeko, Covid-19ak sortutako krisiaren ondorioak arintzeko.

Osasun egoera dela eta, aurten Durangoko Azoka, batez ere, online egingo da, baina Gerediaga Elkarteak «Zu non, han DA!» proiektua antolatu du. Helburua Azoka eta euskal kultura ahalik eta biztanle gehienengana hurbiltzea da, osasun krisiak eragindako edukiera eta mugikortasun murrizketak kontuan hartuta. Gaur onartutako laguntza zuzenean jarduera plan hau finantzatzeko erabiliko da.

«Zu non, han da!» egitasmoaren barruan Durangoko Azokak hainbat kontzertu antolatu ditu zortzi herritan abenduaren 5etik 8ra, eta herri bakoitzak bi eguneko programazioa izango du. Guztira 32 taldek parte hartuko dute. Behin Azoka bukatuta, abenduaren 9tik aurrera eta urtarrilaren 8ra arte, «Zu non, han DA!» ekimen honen baitan, hainbat liburudendatan Azokako produktuak egongo dira salgai, modu presentzialean.