Juana María Perea euskal jatorriko enpresaburu eta ingurumen-buruzagiaren hilketa gaitzesteko adierazpena onartu du Barakaldoko Udalak

0
PRUEBA

Gaur goizean onartu du Barakaldoko Udalak adierazpen instituzionala, Alkatetzaren Informazio Batzordean, Juana Maria Perea euskal jatorriko enpresaburu eta ingurumenaren aldeko buruzagiaren hilketa gaitzesteko.
Aldeko botoa eman dute EAJk, PSEk, Elkarrekin Barakaldok eta EH-Bilduk.

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA:

Indarkeria-egoera iraunkorrean dago Kolonbia duela hamarkada batzuetatik, eta ondorioz giza eskubideen urraketa sistematikoak gertatzen dira.

Kolonbiako Gobernuaren eta FARC gerrillaren arteko Habanako akordioetara heldu baziren ere, bake prozesua ez da oraindik martxan jarri.  Akordio batzuk etengabe urratzen dira. Farcetako borrokalari ohietako batzuk armetara itzuli dira, eta 2012an bake-elkarrizketak hasi zirenetik 1.000 lider sozial eta giza eskubideen defendatzaile inguru hil dituzte talde paramilitarrek eta agente armatuek.Gizarte-liderren jazarpen sistematikoa gertatzen ari den testuinguru horretan, joan den urriaren 29an hil zuten Chocó departamenduko Nuquí-n Juana Mª Perea, enpresaburua eta euskal jatorriko ingurumen-liderra.

Juana Mª Andrés Perea Gallaga, Eusko Jaurlaritzak Kolonbian zuen lehen ordezkariaren biloba zen.

Euskal erakundeek, GKEekin batera, harreman estua dute kolonbiar herriarekin, eta herrialde hartako bake-prozesua eta giza eskubideak babesten dituzte irmoki; orain arte, ekintza eta adierazpen ugari egin dira.

Beste behin ere, herrialde hartako indarkeria-giroa eta giza eskubideen urraketak ikusita, Barakaldoko Udalak:

  • Kezkatuta dagoela adierazten du, azken hilabeteetan giza eskubideen defendatzaileen aurkako indarkeria larriagotu delako.
  • Juana Mª Perearen hilketa kondenatzen du, eta Kolonbiako agintariei eskatzen die ikerketa sakona egin dezatela, gertaerak erabat argitzeko eta errudunak, materialak zein intelektualak, aurkitu, atxilotu eta epaitzeko.
  • Kolonbiako herriarekin dugun konpromisoa berresten du, herrialde hartako giza eskubideen eta bake-prozesuaren defentsarekin, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio lankidetza mantentzen eta indartzen jarrai dezala helburu horiekin.

Kolonbiako erakundeei mehatxupean dauden ekintzaileak eta herritarrak babesteko konpromisoa indartzeko eskatzen die, bai et jar dítzatela ere indarkeriarekin eta zigorgabetasunarekin amaitzeko behar diren bitartekoak.