Eusko Jaurlaritza Bide Segurtasuneko plan estrategiko berri bat prestatzen ari da trafiko-istripuetan ‘Zero Biktima Ikuspegia’ lortzeko

0

Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak gaur goizean inauguratu du Bilbon “Bide-segurtasuna Euskadin, Garapen Iraunkorrerako 2030erako Helburua” trafikoko jardunaldi teknikoa. Sailburuak jakitera eman du Eusko Jaurlaritza 2021-2025 aldirako Bide Segurtasunerako Plan Estrategiko berria osatzen ari dela Gobernu Kontseiluak datorren martxoan onar dezan. Dokumentu horrekin finkatu egingo da Euskadin bide-segurtasunaren eta mugikortasun seguru, iraunkor eta digitalizatuaren arloan gertatzen ari den aldaketa kulturala.

 

Josu Erkorekak bere esku-hartzean berretsi du Eusko Jaurlaritzak trafikoaren arloan ere bat egin duela NBEren 2030 Agendaren helburuekin: 2020ko kopuruen aldean, 2030erako zirkulazio-istripuetan hildako eta larri zauritutako pertsonen kopurua erdira jaistea Euskadin eta 2050erako zero biktimara iristea (Zero Biktima Ikuspegia izenez ezagutzen den helburua). Bi konpromiso edo helburu horiek zuzenduko dute Eusko Jaurlaritzak datozen urteotan trafikoaren arloan egingo duen planifikazio eta jarduketa osoa.

 

EUSKADI, DATU NABARMENAK

Azken 20 urte hauetan Euskadin emaitza nabarmenak lortu dira trafiko-istripuen ondorioz hildako pertsonen kopurua murrizteko bidean:

 

  • urtean 218 pertsona hil ziren.
  • 2010ean 67.
  • 2019an 50.
  • 2020an (azaroaren 30era arte), 36.

 

Beheranzko joera hori Eusko Jaurlaritzak, bide-segurtasunaren erronkarekin konprometitutako agenteekin eta beste erakunde batzuekin lankidetza estuan eta ondo koordinatuta, abian jarri dituen ekintza estrategikoen ondorio da, eragin zuzena izaten ari baitira bide-segurtasunaren hobekuntza orokorrean:

 

  • Prebentzio-ekintzak: kontzientziazioa, heziketa, formakuntza eta sentsibilizazioa, bereziki kolektiborik zaurgarrienen artean: motor-gidariak, oinezkoak eta txirrindulariak. Berez, 2019an hildako pertsonen %60 kolektibo zaurgarri batekoak ziren.
  • Zaintza, kontrol eta jarduketa ekintzak: biktimak eragiten dituzten istripuen % 70 hiru arrazoi nagusirengatik gertatzen dira: gidatzean arreta galtzeagatik, alkoholaren eta drogen kontsumoagatik eta abiadura desegokiagatik.

Horrez gainera, nabarmentzekoak dira helburu hori lortzeko abian jarri diren oinarrizko bi erremintak:

 

  • Trafikoa kudeatzeko eta trafikoari buruzko informazioa emateko eredua, teknologia berriak integratzen dituena, denbora errealean erabakiak hartzeko erreminta arin eta eraginkor gisa.
  • Trafiko Istripuen Biktimen Erregistroa, analisi eta ezagutzarako erreminta estrategiko honek trafiko-istripuak gutxitzera bideratutako politikak diseinatzeko erabakiak hartzen laguntzen du zero hildako eta zauritu larri izateko ikuspegiarekin.

 

ESPERIENTZIAK TRUKATZEA

Bide segurtasuna Euskadin, Garapen Iraunkorrerako 2030erako Helburua trafikoko jardunaldi teknikoan nazioarteko adituek parte hartu dute, eta mugikortasun iraunkorrari buruz hitz egin dute, istripugarritasuna murrizteko euren esperientziak azaldu dituzte eta bide segurtasunean “Zero Biktima Ikuspegia” lortzeko politika globalak partekatu dituzte. Eusko Jaurlaritzak antolatu dituen jardunaldi profesional hauen helburua zen bide-segurtasunaren erronkarekin konpromisoa hartuta duten eragileen aldetik jakintza sortzea eta trukatzea eta, aldi berean, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzea mugikortasun seguruago eta iraunkorrago baterantz jotzeko.

 

Lau panel tematikok osatu dute bidekonferentzia bidez egin den edizio hau:

 

  • “Politika globalak sustatzea bide segurtasunaren arloan, Vision Zero-aren aplikazioan oinarrituta eta Sistema Seguruaren ikuspegitik: Matts-Ake Belin, Suediako Gobernuko Garraio Administrazioko Vision Zero Akademiako zuzendaria.

 

  • “Bide Segurtasunaren eta Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren inplementazioaren arteko lotura”: Etienne Krug, Lovainako Unibertsitateko Medikuntzako doktorea eta NBEko Bide Segurtasuneko aditu taldeko presidentea, eta Raquel Barrios, ‘Enpresen Administrazioa gizarte ekintzailetzaren ikuspegitik’ Masterra eta YOURS – Youth for Road Safety – Bide Segurtasunaren aldeko Gazteen Munduko Koalizioaren koordinatzailea

 

  • “Mugikortasun jasangarria sustatzeko eta espazio publikoak herritarrei itzultzeko hirien berrantolakuntza, gizartea eraldatzeko ardatz gisa”: Carlos Moreno, Sorbonako Unibertsitateko Ekintzailetza, Lurraldea eta Berrikuntza katedraren zuzendaria, hiri adimendunetan eta hirigintzan aditua eta Pariseko alkatearen aholkularia, eta Aritza Aldama Kapsch taldeko produktu burua eta datuen analisirako taldearen arduraduna.

 

  • “Lidergoan eta bide hezkuntzako estrategietan oinarritutako bide segurtasun eredua»:  Pille Ossul, Estoniako Gobernuaren Ekonomia eta Komunikazio Ministerioko Garraio eta Trafiko zuzendaria, Erik Ernits Estoniako Errepideen Administrazioaren Plangintza Estrategikoko Departamentuaren burua, eta María del Mar Cogollos, AESLEME – Bizkarrezur-muineko Lesioa Aztertzeko Elkartearen zuzendaria.

 

Azkenik, Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak eman dio amaiera jardunaldiari, eta Eusko Jaurlaritzaren Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2021-2025 Plan Estrategikoaren lerro nagusiak aurreratu ditu.