Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, Garbiñe Biurrun Justizia Auzitegi Nagusiko jarduneko presidentearekin eta Iñaki Subijana Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko presidentearekin batera, bi argitalpen aurkeztu ditu gaur arratsaldean, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei zigor-arloko prozesu baten ibilbidean laguntzea helburu dutenak. Bi dokumentuak gaur bildu den Gipuzkoako Genero Indarkeriaren Batzorde Probintzialean egindako lanaren emaitza dira. Materialetako bat informazio-liburuxka bat da, genero-indarkeriaren biktimek prozesu penalean dituzten eskubide nagusiak jasotzen dituena, eta bestea genero-indarkeriaren biktimentzako prozesu penalari buruzko informazio-gida bat. Bi dokumentuen helburua da azaltzea, biktimek eskuragarri duten hizkera eta formatu grafikoan, zein diren prozesu judizialean dituzten eskubide nagusiak eta zein fasetan garatzen den prozedura epaitegi edo auzitegian. Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan egin dira – Euskaraz eta gaztelaniaz –, eta maizen erabiltzen diren hizkuntza ez-ofizialetan – Arabieraz, frantsesez, ingelesez, italieraz eta errumanieraz –, bai eta irakurketa errazean ere adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako formatuetan.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak azpimarratu du beharrezkoa eta garrantzitsua dela genero-ikuspegia justizian txertatzea, eta arreta biktimetan eta haien eskubide eta beharretan jartzea.
Landaidak azpimarratu du oso garrantzitsua dela esparru eta administrazio desberdinen arteko elkarlana, «indarkeria jasaten duten emakumeei erantzun hobea emateko urrats eraginkorrak eman ahal izateko modu bakarra delako, baita indarkeria prebenitzeko eta emakumeentzako indarkeriarik gabeko bizitza lortzeko ere». Ildo horretan, azpimarratu du Emakundek koordinatzen duen indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko erakundeen arteko II. Akordioaren jarraipen batzordearen lan koordinatua, eta baita Gipuzkoako Genero Indarkeriaren Batzorde Probintzialean egiten ari dena ere. Bereziki eskertu du batzordean materialak egiteko lan egin dutenen ekarpena.