Jokin Bildarratzek “Lanbide Heziketa & Euskal Enpresa” ekitaldian parte hartu du

0
PRUEBA
  • Hezkuntza sailburuak enpresen eta Lanbide Heziketaren arteko elkarlana eta koordinazio nabarmendu du, bi aldeentzako onurarako

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Confebaskek antolatutako Euskal Enpresa & Lanbide Heziketa XXVII. ekitaldian parte hartu du gaur goizean, Bilboko Euskalduna Jauregian. Sailburuarekin batera, Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentea ere izan da ekitaldian.

Jardunaldiak Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeen elkarteek (Ikaslan, HETEL eta AICE) egiten duten lana aitortzeko ekitaldi gisa balio izan du, bai eta Lantokiko Prestakuntza moduluan parte hartu duten ikasleei diplomak emateko ere, urtero legez, nahiz eta aurten, Covid-19ren aurkako neurrien ondorioz, ikasleen ordezkaritza txikiagoa izan da. Era berean, aipatutako prestakuntza-moduluan parte hartzen duten enpresek eta instruktoreek ere jaso dituzte sariak.

Ekitaldiari itxiera ematean, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Hezkuntza Sailak eta Confebaskek elkarlana egin duten ibilbide luzea eta harreman horren sendotasuna azpimarratu ditu, eta enpresek, beren instruktoreen bidez, eta Lanbide Heziketako ikastetxeen elkarteek ikasleen prestakuntzan egiten duten lana nabarmendu du. «Ibilbide luzea duzuenok gaur egun enpresen eta Hezkuntza Sailaren artean dagoen koordinazioa erabat aldatu dela baieztatu ahal izango duzue. Ikasleen jarraipenari, aholkularitzari, enpresaren eta Lanbide Heziketako ikastetxeen arteko koordinazioari esker, askoz hobeto defini dezakegu ikasleen prestakuntza «, adierazi du Bildarratzek. “Badakit zenbat kostatzen den hori, eta badakit zenbat lan dagoen horren guztiaren atzean. Baina ahalegin horri esker, saririk onena jasotzen ari gara: gero eta hobeto prestatuta dauden ikasleak izatea. Hobeto prestatuta, lan merkatuarekin harreman estuagoan eta lan-munduko txertatze-maila handiarekin. Helburua, funtsean, hau da: ikasleek izan ditzatela berme guztiak euren bizitza-proiektua eta proiektu profesionalak eraiki ahal izateko. Horretan ari gara eguneroko lanean”.

Bildarratzek Lanbide Heziketa Duala ere hizpide izan du, enpresa-errealitateari are lotuago dagoen prestakuntza-formula, eta azken urteotan indar handia hartu duena. “Prestakuntza Dualak ahalegin gehigarria eskatzen dio ikasleari, baina baita enpresei ere. Ez da hau garai erreza inorentzat, eta ezta enpresentzat ere, baina ziur naiz, une zailetan egindako ahaleginak emaitza are hobeak uzten dituela. Eskertzen dut Lanbide Heziketaren alde egin duzuen ahalegina, eta bide horretan jarraitzera animatu nahi zaituztet”

Ildo horretan, sailburuak ekitaldian parte hartu duten eta beren diplomak jaso dituzten ikasleak zoriondu ditu, beren dedikazioagatik eta ahaleginagatik, eta gainerako ikasleei ere helarazi die zorion emate hori, edukieragatik ezin izan baitute Bilboko ekitaldira joan.