Barakaldok Coronavirusaren krisiari aurre egiteko proposamenak aurkezteko deia egin du

0

Zeharo murgilduta dago Barakaldo Partaidetzazko Aurrekontuetan; aurten, herritarrei, pandemiaren karietara, familiei koronabirusaren krisiaren ondorioak  pairatzen lagunduko dieten egitasmo berritzaileak eskatzea dute helburu aurrekontuek. Abenduaren 6an amaituko da proposamenak egiteko epea. Hori dela eta, herritarrei eta elkarte barakaldarrak beren asmoak proposatzera animatu ditu Udalak. «Lagun egun baino ez dira geratzen ekimenak aurkezteko. Badakigu, bai, erronka zaila dena, ez dela hain erraza egitasmo zehatzak aurkeztea, baina orain arteko erantzuna positiboa izan da», adierazi du Alkatetza, Gobernu Irekia, Turismoa eta Berrikuntza Arloko zinegotzi Gorka Zubiaurrek.

Orain arte, 200dik gora proposamen heldu dira Barakaldoko auzoetara banatutako 10 postontzietatik bai eta telematikoki ere, www.barakaldo.eusk udal web bidez.  Bi urterik behin egiten dira Partaidetzazko Aurrekontuak eta 2,2 milioi euroko partida globala esleitzen zaie, honela banatuta: 1,6 milioi, proiektu barakaldar berritzaile eta sortzaileetarako, familiei laguntzeko Covid-19aren ondorioak apaltzen, eta beste 600.000, berriz, auzoak hobetzeko.

Pandemiak eragindako bizilagunak eta haien beharrizanak dira herritarrek egingo dituzten proposamenen xede, eta honako sei esparru hauetan banatuta:

  1. Enplegua eta aktibazio ekonomikoa
  2. Gizarte-eremua
  3. Adinekoak
  4. Kultura eta hezkuntza eremua
  5. Mugikortasun jasangarria
  6. Gazteria

«Badakigu erronka zaila dena. Partaidetzazko aurrekontuotan jauzi kualitatibo bat eman dugu, gure auzokideei ahalegin handiago egin dezatela eskatuz. Ziur gaude badutela zer esana pandemiaren inguruan, eta horregatik jarri ditugu 1,6 milioi barakaldarrek lehentasunezkotzat jotako proposamena errealitate bihur daitezen», adierazi du Zubiaurrek.

Datorren igandera arte, hilak 6, betetako proposamen-formularioak aurkezten ahal dira auzoetako udal instalazioetako kanpoaldean jarritako 10 postontzietan: Udaletxeko atean, Clara Campoamor Zentro Zibikoan, Gurutzetako Zentro Zibikoan, Retuertoko Kultur Etxean, Zuhatzuko Kultur Etxean, Burtzeñako ludotekan, Lasesarreko kiroldegian, Errekatxoko HIIZen, Serraltako (Lutxana) elkarteen lokalen ingurumarietan eta Kastrexana plazn.

Horrez gainera, www.barakaldo.eusk udal webgunean eta BarakaldoAPPen ere bete daiteke formularioa, sakelakoa, ordenadorea nahiz tableta erabiliz.

Bestalde, Udalak partaidetzazko prozesuak prestatu ditu gazteekin, Gazteria Zerbitzuaren bidez, eta adinekoekin, Euskadi Lagunkoiaren bidez. «Kolektibo biek dute beren jarduketa-eremu propioa Partaidetzazko Aurrekontuotan, eta oso garrantzitsuak iruditzen zaizkigulako euren proposamenak, zuzen-zuzenean jakin dezagun zeren beharra duten uneotan», azpimarratu du Zubiaurrek.

Proposamenak aztertzea

Proposamenak aurkezteko epea amaitutakoan, teknikariz osatutako talde batek aztertuko du zehaztutako proposamenak bideragarriak diren eta zer kostu duten. Proposamenek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

Arestian aipatutako sei esparruetako batean sailkatzeko modukoak; interes publiko orokorrekoak; udal-eskumenekoak; Covid-19ren osasun-krisiaren ondorio negatiboak arintzeko balio dutenak; teknikoki bideragarriak; ez dute ondorengo ekitaldietako gastu ekonomikoa arriskuan jarri behar; gaur egun Udalak ez du proiektua planifikazio- edo egikaritze-fasean eduki behar; Udalak dagoeneko egiten dituen zerbitzu, obra edo horniduretarako udal partidaren gastua handitzen ez dutenak; diru-sarrera publikoei eragiten ez dietenak; herritarren proposamenaren balorazio ekonomikoak ezarritako gehieneko muga (133.333,33 euro) gainditzen ez dutenak; zehatzak direnak, ondoren balorazio teknikoa eta ekonomikoa egin ahal izateko; eta kanpoan uzten dira erakunde publiko edo pribatuetarako zuzeneko dirulaguntzak edo laguntza ekonomikoak.

Bozkatu egingo dituzte herritarrek baldintza horiek betetzen dituzten proposamenak, eta beraiek hautatuko dituzte 1,6 milioi euro inbertitzeko lehentasunezkotzat jotzen dituzten proiektuak.