Segurtasun sailak biharko eta larunbaterako alerta laranja nabigaziorako eta abisu horia elurragatik barnealdean ezarri ditu

0

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du nabigaziorako biharko, ostirala, abenduak 4, 03:00etatik larunbateko 24:00etara, izan ere olatuen altuera adierazgarria 5 metrotik gorakoa izatea espero da, 6-7 metro ingurukoak larunbat arratsalde eta gauean. Horrez gain, abisu horia ezarri du elurragatik barnealdean, ostiraleko 00:00etatik larunbateko 24:00etara, elur-kota 500-700 metro ingurura jaistea espero da eta.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Atlantikotik datorren borraska sakon eta zabal bat iritsiko da gaur, osteguna, gauetik aurrera. Altuera guztietan Artikotik datorren aire oso hotza duen depresio bat da, eta, beraz, denboraldiko lehen neguko egoera eragingo du. Olatu handiez gain, tenperatura hotza, prezipitazioa, txingor-ekaitzak eta elur-kota maila ertainetara jaistea espero da.

Denboralea iritsi baino lehen, hego-mendebaldeko haizeak 100 km/h-ko abiadura gaindituko du haizeguneetan, eta abisu horia aktibatuta dago haizeguneetan gaur, abenduak 3, 18:00etatik 24:00etara.

Itsaso zakarrak nabigazioari eragingo dio batez ere, baina olatuen ezaugarriak direla eta, kostaldean zipriztin eta olatu-zaparrak erori daitezke, eta urak gainezka egin dezake zenbait lekutan, itsasgoren inguruan berezik; hori dela eta, abisu horia aktibatu da kostaldeko inpaktuagatik, biharko 03:00etatik larunbateko 24:00ak arte.

Elurrari dagokion abisu horia ostiraleko 00:00etatik larunbateko 24:00etara egongo da indarrean, baina elur-kota baxuagoa izatea espero den orduetan barnealdean euri gutxiago egingo duela azpimarratu behar da. Izan ere, itsasertzetik gertu dagoen inguruak jasoko du prezipitazio gehien, ezegonkortasun handiaren ondorioz, ekaitz moduan erori daitekeena, baita txingorra eragin dezakeena ere.

Elur-kotak gorabeherak izango ditu, eta bihar, ostirala, goizaldean 700-800 metrora jaitsiko da azkar, baina 600 metrora ere jaitsi daiteke. Arratsaldean eta gauean 500-600 metro inguruan egon daiteke, eta noizbehinka baxuagoa ere bai. Ostiral goizean ia ez da prezipitaziorik espero, eta arratsaldean kostaldean botako ditu zaparrada ugari eta sarriagoak. Noizean behin barnealdera hedatu ahal izango da, baina Arabara iristea zaila izango da.

Larunbatean elur-kota 500-600 metrora egon daiteke, noizbehinka beherago ekialdean eta ekaitz eremuetan. Egunaren bigarren partean 700-800 metrora igoko da. Zaparradak sarriagoak eta ugariagoak izango dira egunaren bigarren partean eta Kantauri isurialdean eta goizean zaila izango da zaparradak Arabara iristea.

Tenperaturari dagokionez, 10-12ºC-ko tenperatura maximoak izango ditugu kostaldean, eta 6-8ºC-koak barnealdean, non izotza ere egingo duen. Neguko egoera horrek igandean ere jarraituko du prezipitazio ugarirekin eta 700-800 metro inguruko elur-kotarekin.

Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez jarraitzea edo «abisuak nahieran» zerbitzuan alta emanda. Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.