BASQUE WINE sustapen marka erabiltzeko eskaera epea ireki da, Euskadiko edarien sektoreari zuzenduta

0
PRUEBA

• HAZIk Erabilera Lizentzien programa abian jarri du, Euskadiko edariak sustatzen laguntzeko, COVID-19aren krisiak eragindako ondorioengatik inoiz baino beharrezkoa baita.

• “Basque Beer” markako edariek, “Txakoli de Álava-Arabako Txakolina”, “Bizkaiko Txakolina-Txakoli de Bizkaia”, “Txakoli de Getaria-Getariako Txakolina” eta Euskal Sagardoa” jatorri izendapena dutenek, edo, “Errioxa” JIKren kasuan, gutxienez %85 Arabako Errioxako eskualdean ekoitzitako mahatsez egindakoek erabili ahal izango dute marka hori.

Gaur ireki da, BASQUE WINE sustapen markaren babespekoak izan daitezkeen operadoreentzat, marka hori beraien ekitaldietan, ekintzetan edo aurkezpen komertzialetan erabiltzeko lizentzia akordioak sinatu ahal izatea eskatzeko.

BASQUE WINE marka HAZIk erregistratutako marka da, sustapen ekintzetan erabiltzeko, eta kontsumitzaileei merkatuan aurkitu ditzaketen euskal edariei buruzko ezaugarriak jakinarazteko tresna baliagarria izatea nahi du, edariak sustatzeko eta COVID-19ak ekarri duen HORECA kanalaren itxieraren ondorioz sektore honek pasatu duen egoera zaila arintzeko asmoarekin.

Izendapen eta logotipo babestuaren erabilerarako lizentzia emango zaie edari hauek ekoizten edo saltzen dituzten enpresei: “Basque Beer” taldeko markaren babespeko edariak, “Txakoli de Alava-Arabako Txakolina”, “Bizkaiko Txakolina-Txakoli de Bizkaia”, “Txakoli de Getaria-Getariako Txakolina” eta “Euskal Sagardoa” jatorri izendapena dutenak, eta, “Errioxa” JIKren kasuan, gutxienez %85 Arabako Errioxako eskualdean ekoitzitako mahatsez egindakoak eta etiketan hala egin direla zehaztuta dutenak (zonako ardoak, udalerriko ardoa edo mahasti bereziak).

Ardoa Basque Wine Office

Euskadiko edarien sektorearen koordinaziorako bulegoa (ARDOA Basque Wine Office) arduratuko da eskaerak kudeatzeaz, Erabilerarako Lizentzia Kontratuak izenpetzeaz, eta operadoreei euskarri grafiko digitalak bidaltzeaz, eskatzaileek egokitzat jotzen dituzten euskarri, ekitaldi edo komunikabideetan erabil ditzaten.
ARDOA Basque Wine Office Eusko Jaurlaritzaren koordinazio bulegoa da, eta bere zeregina da Euskadiko edarien industri sarea osatzen duten markak bultzatzea eta sustatzea.

Erabilerarako Lizentzia Kontratuak eskuratu edo horien gainean zerbait jakin nahi duten pertsonek edo enpresek HAZIren telefonora deituta (945 00 32 40/94 603 03 30) eta info@basquewine.eus posta elektrikora idatzita lortu ahal izango dute informazioa.