Ertzaintzak eta Foru Poliziak elkarlanean jardungo dute jai zubi honetan Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidego arteko mugikortasuna kontrolatzeko

0

Ertzaintzako eta Foru Poliziako agenteek Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidego arteko mugikortasuna zaintzeko kontrol koordinatuetan parte hartuko dute jai zubi honetan. Kontrol horien bidez zaindu nahi dute bi lurraldeen arteko joan-etorri guztiek errespetatuko dutela COVID-19aren ondorioz indarrean dagoen araudia. Era horretara, kontrolak mugako errepideetan jarriko dituzte, bai sare nagusian bai bigarren mailakoan, eta horietatik igarotzen diren pertsonen joan-etorrien arrazoia egiaztatuko dute.

Ertzaintzaren eta Foru Poliziaren zaintza-dispositiboak aldi berean eta koordinatuta jarriko dira bi erkidegoen arteko mugetan, osasun-krisiaren ondorioz mugikortasunean ezarritako murrizketak betetzen direla zaintzeko. Kontrolak jai zubi osoan jarriko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoan abenduaren 4tik 8ra bitartean, eta Nafarroako foru-erkidegoan hilaren 2tik hasita.

Une hauetan Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan indarrean dauden araudiek, ezberdintasun batzuk dituzten arren, eragotzi egiten dute norbera bizi den  lurraldetik kanpora irtetea, besteak beste, osasunarekin, lanarekin edo hezkuntzarekin zerikusia duten arrazoiak izanik salbuespena. Horrez gainera, joan-etorria justifikatzen duten beste arrazoietako batzuk adinekoen zaintza edo ohiko bizilekura itzultzea dira.

Foru Poliziaren aldetik Trafiko eta Bide Segurtasunaren Arloko eta Elizondoko Altsasuko eta Lizarrako komisarietako agenteek parte hartuko dute. Horrez gainera, Laguntza Teknologikoko Taldeko kideen laguntza izango dute, eta haiek arduratuko dira dispositiboa airetik droneen bidez monitorizatzeaz.

Bestalde, Ertzaintzak Arabako eta Gipuzkoako trafikoko unitateetara atxikitako baliabideak mobilizatuko ditu, eta bi autonomia-erkidegoetako mugetatik hurbil dauden ertzain-etxeen laguntza izango dute.

Opor-egun hauek, normalean, Euskadin eta Nafarroan bizi diren eta egun batzuetarako bizilekua aldatzen duten pertsonen mugimendu handiak eragiten dituzte errepide bidez, eta horiei bidaiatzean bi lurralde horietatik igarotzen diren pertsonen joan-etorriak batzen zaizkie. Polizia-ekimen bateratu honen bidez errepidez behar ez diren mugimenduak egitea eragotzi nahi da, pandemia hedatzearen aurka borroka egiteko.

Covidaren aurkako zaintza Euskadin

Bestalde, Ertzaintzak eta udaltzaingoek Euskal Autonomia Erkidego osoan areagotuko dituzte kontrolak eta zaintzak jai-zubi honetan, baimendu gabeko joan-etorriak eragozteko eta prebentziorako ezarritako gainerako osasun-arauak betetzen direla zaintzeko.