Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bat egin du Lurzoruaren Munduko Egunarekin

0
PRUEBA
  • Abenduaren 5ean ospatzen da, lurzoru osasuntsuei eustearen garrantzia azpimarratzeko eta haien kudeaketa jasangarriaren alde egiteko
    • Lurzoru osasungarriek giza osasuna babesten dute, biodibertsitatea eta ekosistemak zaintzen dituzte, elikagaien segurtasuna bermatzen dute eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko ezinbestekoak dira
    • Azken hamarkadetan, Euskadik kutsatutako azaleraren % 20 merkatura itzultzea lortu du, Estatuan aitzindaria izan den lurzoruak berreskuratzeko politikari esker»Manten dezagun lurzorua bizirik, babes dezagun lurzoruaren biodibertsitatea» lelopean, mundu osoko Lurzoruaren Mundu Eguna ospatuko da gaur, abenduaren 5ean; ospakizun horrekin bat egin du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ere, lurzoru osasuntsuei eustearen garrantzian arreta jartzeko eta lurzoruaren eta biodibertsitatearen kudeaketa jasangarriaren alde egiteko.

Lurzoruaren babesak funtsezko lekua du Garapen Iraunkorreko Helburuak, Agenda 2030 eta Europako Itun Berdearen helburuak lortzeko bidean, hala nola klimaren neutraltasuna, biodibertsitatea lehengoratzea, kutsadura murriztea, lurraldearen erresilientzia eta elikadura-sistema osasungarri eta jasangarria.

Nahiz eta lurzorua gizakiarentzat eta ekosistementzat ezinbesteko baliabide eta zerbitzuen iturria izan, azken hamarkadetan, Europak bere lurzoruen degradazio nabarmena jasan du: Europako lurraldearen % 24k higadura-maila jasanezinak ditu, % 24k kutsaduraren eragina du eta desertifikazio-arriskua kezkagarria da kontinentearen hegoaldeko lurzoruen laurden batean. Hala ere, herrialde industrializatu gehienetan, lurzoruaren kutsadura izan da politika espezifikoen xede bakarra.

Euskadin, esaterako, kutsatutako lurzoruen politika aitzindaria izan da Estatuan, eta inbentarioan jasotako kutsatuta egon daitezkeen 12.448 lurzoruen % 20 merkatura itzuli dira. Nahiz eta Euskadik bere bidea aurkitu duen lurzoru kutsatuak berreskuratzeko, egungo egoerak ahalegin gehigarria eskatzen du, jarduera berrietarako egokiak diren lurzoruak eskura jartzeko.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak 400 hektarea berreskuratu nahi ditu sail arteko eta erakunde arteko funts baten bidez, kutsatutako eta degradatutako lurzoruen balioa nabarmentzeko. Euskadiko azalera osoaren % 1,3 kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak garatu diren lurzoruak dira. Gehienak ( % 68) hiri-lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian daude, eta gainerakoak, batez ere, lurzoru urbanizaezineko kontrolik gabeko eremu zaharretan.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila lurzorua babesteko estrategia bat lantzen ari da dagoeneko, lurzoruen kudeaketa jasangarriaren hobekuntzan aurrera egiteko. Kutsaduraz gain, badira beste mehatxu batzuk, hala nola higadura, zigilatzea, gazitzea, trinkotzea, materia organikoaren eta biodibertsitatearen galera edo lur-irristatzeak, eta horiek ez dira ahaztu behar lurzoruaren babes integralaren helburua lortzeko. Eusko Jaurlaritza lurzorua babesteko estrategia global bat bultzatzen ari da, gure lurzoruen osasunean eta, ondorioz, funtzioak garatzeko gaitasunean modu negatiboan eragiten ari diren mehatxu guztiak kontuan hartuko dituena.