Euskadik prestakuntza espezializatuko egoiliarren sekulako eskaintza handiena atera du

0

Osakidetzak, 2021erako, 490 plaza izango ditu, guztira; duela sei urte baino % 59,6 gehiago

Pertsonal sanitarioen kopurua handitu egingo da eta, nagusiki, Lehen Mailako Arretarekin zerikusia duten kategorietan, lehentasunezkoa baita Osasun Sailarentzat: Familia eta Komunitateko Erizaintzaren eskaintzak % 54,54 egin du gora, guztira 34 plaza

Osakidetzak, 2021erako, Osasun Prestakuntzako Graduondo Espezialitateko 490 plaza izango ditu; alegia, iaz baino 28 plaza gehiago eta duela sei urte baino % 59,6 gehiago (2014/2015 deialdia). Azken batean, Osasun Sailak sekula egindako prestakuntza-eskaintza handiena da, eta Estatuan gehien handituko den plaza-kopurua.

Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak nabarmendu du nolako garrantzia duen prestakuntza-plaza kopurua handitzeak; izan ere, “horren bidez, aurrera egiten jarraituko dugu osasun-profesionalen belaunaldien txandakatzean”. Gainera, Sailburuak esan du gorakada handiena Lehen Mailako Arretari lotutako kategorietan izango dela, “lehentasunezko” asistentzia-eremua baita Osasun Sailarentzat. “Prestakuntza-plazak areagotzean, erretiroa hartzeko bidean dauden profesionalak ordezkatuko dituzten gazteei beharrezko duten prestakuntza emango zaie, eta osasungintza-sistema prestatuko da, gero eta zaharragoa den eta gero eta gaixotasun kroniko eta mendekotasun gehiago dituen gizartearen aurrean dituen erronkei erantzuteko”.

Lehen Mailako Arretaren eremuan eskainiko da plaza-kopuru handiena, Osasun Sailak asistentzia-eremu hori sendotzeko Estrategiarekin eta legegintzaldi honetarako Esparru Estrategikoaren edukiarekin ezarritako ildoari jarraikiz. Zehazki, eskainiko plaza-kopuru osoaren (490) laurden bat (109 plaza) Familia eta Komunitateko Medikuntzaren espezialitaterako izango da, eta Familia eta Komunitateko Erizaintzari dagokionez (34), eskaintza % 54,54 areagotu da, aurreko deialdiarekin alderatuta.

Osasun Sailak eskaera egin ondoren, plaza-kopurua areagotzeko iragarkia BOEn abenduko lehen hamabostaldian argitaratzea aurreikusten da. Zehazki, Euskadiko 2020-2021eko deialdirako, plazen banaketa honako hau izango da:

  • BAME medikuntzako 379 plaza; 2014/2015ean baino 118 gehiago (+% 45,21)
  • BAFE ospitaleko farmaziako 5 plaza; 2014/2015ean baino bat gehiago
  • BAPE psikologia klinikoko 9 plaza; 2014/2015ean baino 4 gehiago (% 80)
  • BAEE erizaintzako 97 plaza; 2014/2015ean baino 55 plaza gehiago

Azken batean, Euskadik Prestakuntza Espezializatuko 490 plaza gehiago izango ditu, aurreko urtean baino % 6,06 gehiago. Lurraldeen arabera, honela banatuko dira: 270 Bizkaian, 119 Gipuzkoan eta 101 Araban.

Prestakuntza hori irakaskuntzarako egiaztatuta dauden 16 zentro eta unitateetan izango da: zazpi ospitale-zentro, bi irakaskuntza-unitate, lanbide anitzeko lau irakaskuntza-zentro eta erizain espezialistentzako hiru irakaskuntza-unitate. Zehazki, Euskadin, guztira, familiako eta komunitateko arretarako lanbide anitzeko 3 irakaskuntza-unitate daude guztira; bat, lurralde historiko bakoitzeko.