Legez kanpoko festa bat hauteman dute Derioko San Jose Artebakarra ostatuan

0

67 pertsonari jarri dizkiete isunak lehendakariaren dekretuetan oinarrituta, alarma-egoeran ezarritako arauak ez betetzeagatik

Ertzainek legez kanpoko festa bat hauteman dute Derioko San Isidro auzoan dagoen ostatu batean. Gaur goizeko lehenengo orduan, eta eraikinetik atera ahala, 67 pertsona identifikatu dituzte, eta COVID-19ari aurre egiteko alarma-egoeran ezarritako osasun-arauak urratzeagatik isunak jarri dizkiete. Orain ekitaldiaren antolatzailea identifikatu nahi dute.

Gaueko hamarrak aldera, Ertzaintzak dispositibo bat jarri du abian Derioko San Isidro auzoan dagoen ostatu batean, jakin baitu alarma-egoeran ezarritako osasun-arauak betetzen ez zituen legez kanpoko festa bat ospatzen ari zirela barruan.

Patruilak adierazitako lekura iritsi direnean, hogeita hamar bat ibilgailu ikusi dituzte inguruan aparkatuta, eta musika kanpotik entzun zitekeela egiaztatu dute. Gauean zehar irteteko eskatu diete eraikinean zeuden pertsonei, jabego pribatu bat denez ezin baitzuten barrura sartu. Agenteek goizeko zazpiak arte itxaron behar izan dute, eta ordu horretan irten da eta identifikatu dute lehenengo gaztea.

Agenteek eguerdiko ordu bat eta erdiak aldera eman dute bukatutzat operazioa, eta guztira hirurogeita zazpi pertsonari jarri dizkiete isunak COVID-19ari aurre egiteko lehendakariaren dekretuetan ezarritako osasun-arauak urratzeagatik.