Donostia Gazteriak GABONAK ZURETZAT programa aurkeztu du

0

Gaur eman du ezagutzera Donostia Gazteriak Abenduaren 14an hasi eta Urtarrilaren 6ra artean burutuko den GABONAK ZURETZAT programa. Horretarako deitutako prentsaurrekoan izan dira Ane Oyarbide, Gizarte eta Hezkuntza Saileko Udaleko zinegotzia; Imanol Telleria, Gizarte eta Hezkuntza Saileko zuzendaria eta Miren Garmendia, Kofradia-itsas Etxea egitasmoa kudeatzen duen “Opegi” elkarteko zuzendaria .

2020 berezi honetan bizi dugun krisi egoera dela eta jarduerez gozatzeko eta horietan parte hartzeko beharrezko segurtasun neurri guztiak bermatuko ditugu eta egitaraua aurten, paperean bilduko ez bada ere, izango da formato digitalean eskuratzeko modua.

Irudiari dagokionez, programaren aurtengo identitate grafikoa Usandizaga Ikastetxeko Diseinu Grafiko Heziketa Zikloa eta Donostia Gazteriaren arteko elkarlanari esker sortutakoa da. Eta haiek ere prentsaurrekoan izan dira aurtengo lanak erakusten, argazkian ikus daitekeen bezala.

Haurrentzako egitaraua

Haurrentzako programak (0-11 urte) jarduera ugari eta anitzak biltzen ditu; ia auzo guztietara zabaltzen da eta hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango da:

• tailerrak (gabonetako gozoen tailerra, apaingarriak, esperimentu tailerra, etab.);
• jolasak (mahai jolasen zirkuitoa, kaxen jolasa edota kodeena);
• zinema; antzezlanak edota magia ikuskizunak.

Halaber, Donostia Gazteriak zenbait emanaldi berezi antolatu ditu egitarauaren baitan:

• “Izaki bereziak” ikuskizuna ( abenduak 22, 17:00, San Telmo Museoa);
• “Tomaxen abenturak: Adi grabatzen ekin!” antzerkia (abenduak 29, 17:00, Añorgako Amassorrain ikastetxean);
• Txan magoaren “Hausle” lan berria (abenduak 30 , 17:00, San Telmo museoan hau ere);
• Gabonetako zirkua Ibaetako Frontoian urtarrilaren 4an.

Haur programazioa

Gazteen egitaraua

Nabarmendu nahi dugu beste urtebetez Intxaurrondo Kultur Etxean nerabeentzako antolatutako kontzertua. Izan ere, “SKAKEITAN” taldea izango da bertan eta gogorarazi nahi dizuegu segurtasun neurriak direla eta edukiera mugatua izango dela; beraz lehenbailehen izena ematera gonbidatzen zaituztegu.
Era berean, Donostia Gazteriak doako tailer hauek antolatu ditu: parkour, “Gabon Gazte Txef” eta “komiki tailerra”.

Gazte programazioa