Etxepare Euskal Institutuak 10 urte bete ditu, munduan euskal kulturaren berri emateko tresna gisa sendotuta

0
  • Euskal kultura kanpoan ezagutarazteko ehunaka euskal leiho bultzatu eta milaka bira eta egitasmo babestu ditu Institutuak 10 urte hauetan
  • Aurrerantzean, eraldaketa digitala eta aldebiko kultur programen sendotzearen erronka du Institutuak
  • Abenduan zehar komunikazio kanpaina egingo du, gure hizkuntza, kultura eta sorkuntza ezagutaraztearen garrantzia azpimarratuz

Duela 10 urte, 2010eko urriaren 29an ireki zituen, ireki zituen ateak ofizialki Etxepare Euskal Institutuak, Eusko Jaurlaritzak sustatuta, eta hiru urte lehenago Eusko Legebiltzarrak aho batez onartutako erakundea sortu eta arautzeko legean jasotakoa gauzatuz.

Bernat Etxepare, euskaraz argitaratutako lehen liburuaren idazlearen izena daraman erakundearen helburua, bertako eta atzerriko eragileekin elkarlanean, euskara eta euskal kultura eta sorkuntza sustatu eta ezagutzera ematea nazioarte mailan, eta hauen bidez, beste herrialde eta kulturekin harreman iraunkorrak eraikitzea, elkarri balioa eman eta aukera berriak sortuko dituzten harremanak.

Horretarako nazioarteko kultur trukaketak eta kalitatezko jarduera artistikoak sustatu, eta sortzaile, artista eta kultur eta sektoreetako profesionalen mugikortasuna bultzatzen ditu, baita euskal literaturaren itzulpengintza, eta euskara eta euskal kulturaren irakaskuntza ere. Eta nazioarteko eragileekin (unibertsitateak, kultur erakundeak, jaialdiak, arte zentroak, etab.) lankidetza iraunkorra sustatzen du eremu kultural zein akademikoan.

Bere kultur ekintzari dagokionez, Etxepare Euskal Institutua ehunaka euskal sortzaileren bidelagun izan da 10 urte hauetan. Sortu zenetik urtero, bataz beste, 60 euskal leiho sustatu ditu diziplina ezberdinetako nazioarteko jaialdi eta programazioetan, eta 200 bira eta nazioarteko egitasmo inguru babestu ditu. Halaber, 150 bat izan dira Institutuaren laguntzarekin beste hizkuntzetara itzuli diren euskal literaturako obrak.

Jarduera akademikoari dagokionez, une honetan urtero ia 4.000 pertsonek ikasten dute euskara munduan, Etxepare Euskal Institutuaren bi irakaskuntza sareetako eskaintzari esker. Batetik, mundu osoko 80tik gora Euskal Etxetan, Euskara Munduan programaren baitan; bestetik, Europa, Amerika eta Asiako 35 unibertsitatetan, non euskara hizkuntzarekin batera euskal kultura ere irakasten duten. Halaber, Institutuak euskal ikasketak jorratzen dituzten 9 katedra zabaldu ditu nazioarteko unibertsitate entzutetsutan, urtero eskaintza akademiko anitza eta espezializatua eskaintzen dutenak.

Bestalde, Etxepare Euskal Institutua europar kooperazioan sakontzeko eragile dinamiko bezala finkatu da EUNIC (European Union National Institutes for Culture) sareko Bruselako klusterreko kide elkartu delarik, eta Europar Batasunak babesten dituen hainbat proiektutan esku hartuz. Eta esparru horretan, hizkuntza eta kultura guztiek, hegemonikoek bezainbeste minorizatuek, munduari egiten dioten ekarpena parekoa eta ordezkaezina dela aldarrikatzen du Etxeparek, beste hizkuntzen institutuekin buruz-buru lan egiten.

Era berean, Institutua nazioarteko harremanak garatzeko tresna bezala ere egonkortu da. Herrialde zehatz batekin joan-etorriko kultur egitasmo estrategikoak sortzeari ekin dio, bi herrialdeetako artisten eta kultur eragileen artean zubiak eraikitzeko eta euren arteko elkarrizketa nahiz elkartruke iraunkorrak akuilatzeko asmoz. 2019an burutu zen lehena, Eskozian, eta 2021ean Quebec izango da jomuga. Eta etorkizunari begira, aldebiko egitasmo hauek sendotzea du erronketako bat.

Horrekin batera, besteak beste eraldaketa digitalaren erronkari aurre egin eta berrikuntza digitalak eskaintzen dituen aukerak ere garatu beharko ditu Etxepare Euskal Institutuak, bereziki euskararen irakaskuntzan eta euskal kultura eta sorkuntza nazioartean ezagutarazteko estrategietan.

Urteurrena ospatzeko kanpaina

10. urteurrena dela eta, gaur arratsaldean erakunde-ekitaldia antolatu du Etxepare Euskal Institutuak, Donostiako Tabakalerako Prisman, streaming bidez ikusgai izan dena. Covid-19aren aurkako segurtasun-neurriak direla eta, ekitaldian aurrez aurre bildu ahal izan den taldea mugatua izan da: Institutuko lankideak eta egungo zuzendaritza organoetako ordezkariak elkartu dira bertan, euskal kultura, unibertsitateak eta erakunde publikoak ordezkatuz. Bertan izan dira, besteak beste, Aizpea Goenaga, Institutuko zuzendari ohia eta Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.

 Ekitaldian Irene Larraza zuzendariak erakundearen ibilbidea ekarri du gogora, baina batez ere 10 urteotan euskara eta euskal kultura nazioartean zabaldu  duten horiei eman nahi izan die hitza. Hala, 11 sortzaile, itzultzaile eta irakasleren kontakizunak izan dira entzungai, munduan bete dituzten 11 aulkiren bidez irudikatuta eta Sra. Polaroiskak zuzendutako zuzeneko ekitaldi performatibo batez lagunduta. Hauenak izan dira jasotako gogoetak: Japoniako Sho Hagio eta Hiromi Yoshida itzultzaile eta euskara irakasleak, eta Argentinako Gabriela Mendia euskara irakaslea, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio eta Miren Agur Meabe idazleak, Isaac Xubin itzultzaile galiziarra, Kukai Dantzako Jon Maya, Itziar Lazkano aktorea, Oreka TX taldeko Igor Otxoa, Maider Lopez artista eta Oskar Alegria zinemagilea.

Gainera, 11 testigantza horiekin, eta “Kultura gureagoa da partekatzen dugunean” lelopean, kanpaina bat burutuko du Etxepare Euskal Institutuak abenduan, gure hizkuntza, kultura eta sorkuntza partekatzearen eta ezagutaraztearen garrantzia azpimarratzeko asmoz. Datozen bi asteetan sare sozialetan eta zenbait hedabidetan ikusi ahal izango da kanpaina hori eta www.etxepare.eus/10urte webgunean lagun horien bizipenak eta kontakizunak entzun daitezke.

Era berean, Etxepare Euskal Institutuaren egoitzaren aurrean (Tabakalerako 3. solairuan) munduko hainbat tokitan euskara, euskal kultura eta sorkuntzaz gozatzeko aukera eskaini duten 11 aulki horiek (antzoki, zinema, erakustareto, jaialdi, edota unibertsitateetakoak) instalazio batean ikusgai izango dira. Eserleku horietako bakoitzaren QR kodearen bitartez, kanpainako 11 protagonisten  bizipen, hausnarketak entzuteko aukera ere emango da.

Adierazpenak

Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria: “Etxepare Euskal Institutua euskararen eta euskal kulturaren erreferentzia sendo bat bilakatu da barruan zein kanpoan. Etxean, gure sortzaile eta eragileei euskal kulturgintza kanpoan erakusteko laguntza eta elkarlana eskaintzen diegulako. Kanpoan, batetik, euskararen eta euskal ikasketen irakaskuntza bermatzen dugulako, munduko unibertsitateetan zein Euskal Etxeetan; bestetik, nazioarteko eragile eta kulturguneekin batera sare egonkorrak sortu ditugulako, kanpotik euskal kulturari eta sorkuntzari so egiteko leihoak zabalduz eta elikatuz.  Eta gainera, Europako beste hizkuntzen Institutuekin buruz-buru lan egiten ari garelako eta herrien arteko harremanak kulturaren bitartez ere eraiki daitezkeela erakusten ari garelako. Ez dago ezer unibertsalik partikularretik ez datorrena, eta euskal kulturak munduari egiten dion ekarpena, besteen maila berekoa izateaz gain, ordezkaezina da. Etxepare Euskal Institutuak euskal kulturaren protagonisten ahotsa ozen entzun dadin egiten du lan, aintzat har gaitzaten. Ezinezkoa delako ezagutzen ez den hori maitatzea.”

Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Etxepare Euskal Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko lehendakaria: “Agintaldi honetako gobernu programan, euskal kultura eta euskara nazioartean ezagutzera eman eta zabaltzeko egitasmoak aipatzerakoan, beste eskualde estrategiko batzuekin harremanak sendotu beharra, diplomazia kulturala sustatzearen garrantzia, euskal artistei nazioarteko programazioetan eta jaialdietan parte hartzeko aukera ematea eta kulturaren sorkuntzan Europan erreferentziazko lurraldea izatea aipatzen ditugu, besteak bestea. Egitasmo horiek guztiak ez genituzke gaur helburutzat jarriko, Etxepare Institutuaren hamar urteotako ekarpenik gabe. Hori da hamargarren urteurren honetan aitortu, eskertu eta txalotu nahi dizueguna, hamar urteotako ibilbidean hamaika istorio sortzen lagundu duzuen guztiei.”