Eusko Jaurlaritzak uste du parke eoliko berriak sortzea albiste bikaina dela

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak AIXEINDAR sozietate publiko-pribatuak – Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lau parke eoliko berri izapidetzen hasteko egindako eskaera baloratu du. Tapia sailburuak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren ustetan albiste bikaina da, batez ere bi arrazoirengatik: batetik, trantsizio energetikoarekin eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekin dugun konpromisoan eta betebeharrean gaurko albisteak duen garrantziagatik, eta, bestetik, ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko dugun konpromisoan, albisteak duen eraginagatik. «Urrats hori, txikia badirudi ere, mugarri historikotzat hartzen dugu», adierazi du.

Arantxa Tapiak gogorarazi duenez, Herri-helburu nagusien artean, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen du energia berriztagarrien kuota energia-kontsumoaren % 20 izan dadin lortzea. Ildo horretan, aitortu du, kontuan hartuta abiapuntua benetan atzeratua dela – gaur egun, % 8 sortzen dugu eta % 16 kontsumitzen dugu-, beharrezkoa dela produkzio eta kontsumo handiagoari lagunduko dioten politikak areagotzea, eta, behin eta berriz adierazi dugun bezala, ekimen ugari beharko da hobekuntza-emaitzak lortu ahal izateko.

Energiaren ikuspegitik eta klima-aldaketaren aurkako erantzun gisa, Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak azpimarratu du ekonomia eta enplegua sortzeko aukera bat dela. Hala, ehuneko ehun tokiko ekimenak aktibatzeko unea dela esan du: teknologia, garapen industriala, kudeaketa, kokalekuak edo haizea bera. «Euskadiko eta Euskadirako energia sortzea eta kontsumitzea ahalbidetuko duen prozesu bat», gaineratu du.

Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman du Lan eta Enplegu Sailak Bizkaiko Foru Aldundiarekin koordinazio-protokolo bat sinatuko duela enpleguaren eta gizarteratze sozio-laboralaren arloan. Zupiriak azaldu duenez, helburua da Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak, enplegua eta diru-sarrerak bermatzeko eskaintzen duen arreta hobetzea, eta eraginkortasun eta efizientzia handiagoa lortzea sustapen ekonomikoan, enpresa-sarearen produktibitatean, enpleguan, ekintzailetzan, enpresagintzan eta Bizkaiko Lurralde Historikoko gizarte-politiketan.

Bestalde, Zupiria sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak oniritzia eman diola 593.000€ko diru laguntza bideratzeari Euskadiko turismoa bultzatzeko eta komerzializatzeko. Sailburuak zehaztu du laguntzak batez ere mikroenpresentzat, ETEentzat, enpresa-elkarteentzat, fundazioentzat eta irabazi asmorik gabeko erakundeentzat izango direla, baldin eta horien helburu soziala sustapen turistikoa bada, edo nazioko eta nazioarteko proiekzio turistikoko ekitaldi kulturalak, gastronomikoak eta kirol-arlokoak antolatzen dituzten enpresentzat.

Halaber, Zupiria bozeramaileak azaldu du Gobernu Kontseiluak Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Eustaten-Euskal Estatistika Erakundearen arteko hitzarmena sinatzea onartu duela,  2021eko biztanleria eta etxebizitza errolden eta horiei lotutako biztanleriaren beste estatistika batzuen lankidetzarako.

Hezkuntza arloan, Bingen Zupiria sailburuak adierazi du Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, hiru dirulaguntza zuzen ematea onetsi duela, euskal unibertsitate-ekosistemari lotutako bikaintasuneko ikerketaren eremuko eragileei zuzenduta. Zehazki, Euskal Herriko Unibertsitatearentzako (UPV/EHU) eta BCMaterials eta BCBL bikaintasuneko ikerketa-zentroentzako laguntza zuzenak baimendu dira. Zupiriak zehaztu du ekipamendu zientifikoa erostera eta bikaintasuneko ikerketa-proiektuak bultzatzera bideratuta daudela laguntza hauek eta 1.113.000 euroko kopurua dutela orotara.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena