“Non ikusten duzu Europa Euskadin?” Argazki-lehiaketaren Bederatzigarren edizioko Sari banaketa

0

BERROGEITA HAMAR GAZTE INGURUK “NON IKUSTEN DUZU EUROPA EUSKADIN?” ARGAZKI-LEHIAKETAREN BEDERATZIGARREN EDIZIOAN PARTE HARTU DUTE

Lehiaketarako aurkeztu diren argazkien herri-bozketak 500 boto-emaile bakar erregistratu ditu, gutxi gorabehera; lehiaketa Eusko Jaurlaritzak eta FEDERek antolatzen dute, urtero.

Jordi Campàs Ekonomia eta Plangintzako zuzendariak, gaur goizean, “Non ikusten duzu Europa Euskadin?” gazteen argazki-lehiaketaren bederatzigarren edizioko sariak banatu ditu.

Lehiaketa Instagram bidez garatu da, eta, hartan, EAEko 14 eta 25 urte bitarteko 42 gazte lehiatu dira. 87 argazki aurkeztu dituzte lehiaketara, eta 1.622 boto eman dira; boto horiek 449 pertsonari dagozkie. Gainera, lehiaketaren orrialdean 1.000 bisita baino gehiago erregistratu dira. Osasun-krisiaren ondorioz, lehiaketa atzeratu behar izan zen; izan ere, hasiera batean, martxoan egitea aurreikusten zen. Baina, zailtasunak gorabehera, parte-hartzea eta herri-bozketa areagotu egin dira.

Lehiaketa Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak antolatu du, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) Euskadiko Programa Operatiboko komunikazioaren testuinguruan. Lehiaketaren bidez, EGEF funtsek Euskadin finantzatutako ekimenen berri eman nahi da, bai eta Europa hurbildu ere euskal gazteriari eta Europak bere ingurunearen garapenean egiten duen ekarpenari buruz duen ikuspegia ezagutu ere.

Lehen saria smartphone bat da, eta epaimahaiak aukeratutako argazki onenari eman zaio, JAVIER CASTROVIEJO BRAVO basauriarrari; bigarrena, smartwatch bat, NAGORE DUO ANGULO bermeotarrari, eta herri-botorik gehien izan duen argazkia JAVIER VECINO CAMARERO hernaniarrarena izan da, eta bluetooth bidezko aurikularrak irabazi ditu.

 

Argibide gehiagorako: www.instagram.com/federeuropaeuskadi