Osakidetzak bi bakterio espezie berri aurkitu ditu eta Euskadi mikrobiologiaren nazioarteko mapan kokatu du

0
EITB

Ikerketa luze baten ondoren, Donostialdeko ESIko Mikrobiologia Zerbitzuko kideek egindako aurkikuntza horrek antzeko bakterioen portaera ulertzen lagunduko du eta eragiten dituen gaixotasunen tratamendua hobetzeko balioko du

 

Osakidetzako ikertzaileek gizakiarentzako patogenoak diren bi bakterio espezie berri aurkitu dituzte, eta Nocardia gipuzkoensis eta Nocardia barduliensis izenak jarri dizkiete Gipuzkoaren eta Barduliaren omenez (Gipuzkoako armarrian dagoen antzinako izendapena). Bakterioen aurkikuntza oso ezohikoa da eta, horregatik, Euskadi mikrobiologiaren nazioarteko mapan kokatu du.

Aurkikuntza garrantzitsua da, hobeto ulertzen lagunduko duelako bakterio hauen patogenotasuna eta tratamendua eta Nocardia generoaren epidemiologia. Gainera, aurkikuntza nabarmena da, bitxia baita bi espezie berri aldi berean deskribatzea.

Bi kasuetan, Gipuzkoako pazienteengandik isolatutako bakterioak dira. Hainbat hilabetetako ikerketaren ondoren, bi espezie berriak argi eta garbi frogatu dira eta lana Microorganisms aldizkari zientifikoan argitaratu da.

IKERKETA-TALDEA

Aurkikuntza egiteko prozesu luze eta korapilatsua Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuko taldeak, Osakidetzako Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak gauzatu dute. Bertan, Alemaniako Leibniz Institute DSMZ, Ingalaterrako Newcastleko Unibertsitateko eta Txileko Antofagastako Unibertsitateko ikertzaileek parte hartu dute.

Bi espezie berriak Nocardia donostiensis bakterioari gehitu behar zaizkio. Bakterio hori ikertzaile talde berberak deskribatu zuen, garai hartan Emilio Pérez Trallero doktorearen zuzendaritzapean. Bakterio hori Gipuzkoan deskribatutako lehen bakterio espeziea izan zen, eta izen hori jaso zuen, aurkitu zutenean Donostia Europako kultur hiriburua zelako.

Bakterio espezie berri bat aurkitzea prozesu konplexua da, eta urteetako lana izan daiteke. Egiaztatu behar da espezie berriak gutxienez bi herrialdetako bi pertsonari eragin diela gaixotasuna. Haren genoma sakon aztertu behar da (genoma osoaren sekuentziazioa, DNAren hibridazioa, Nocardia generoaren barruan deskribatutako espezie guztiekin alderatzea, azterketa filogenetikoak…), haren osagai xehatuak aztertu behar dira, analisi entzimatiko sakona egin behar da, antibiotikoekiko erresistentziaren profila aztertu behar da, nazioarteko andui-bankuetan utzi behar da eta, azkenik, espezie berri gisa onartu behar da, emaitza horiek nazioarteko aldizkari entzutetsu batean argitaratuta.

Donostia, 2020ko abenduak 9