Txakur eta katuak adoptatu eta hartzea bultzatuko dute Barakaldon

0

Ekimen berri bat aurkeztu du gaur Barakaldon Alba Delgado Garapen Iraunkorra eta Ingurune Naturala Arloko zinegotziak txakurren eta katuen adopzioa eta harrera bultzatzeko, bai eta animalia horiekin lan egiten duten erakundeekin boluntariotzan aritzeko ere. ‘Betiko duzun maitasuna’ lelopean, animalia horien baldintzarik gabeko leialtasuna nabarmendu nahi du kanpainak, baita egoerarik txarrenetan ere, azken hilabeteetan jasaten ari garen pandemia kasu. «Txakur eta katu horiek laguntza eta maitasuna ematen digute. Joan den udaberriko konfinamenduan ere egin zuten, eta orain mugigarritasun eta urruntze sozialaren murrizketekin ere ari dira. Animalia horiek gabe, asko eta askok¡k  modu okerragoan biziko lukete egoera hau», azpimarratu du Delgadok.

Barakaldoko kaleetan zabalduko da ‘Betiko duzun maitasuna’ ekimena, bai eta prentsan, irratian, telebistan eta udal komunikabideetan ere: sare sozialak, Udalaren webgunea. Kartel bana egin da euskaraz eta gaztelaniaz, kanpaina honi buruzko QR kode batekin. Berrikuntza gisa, Udalak kontratatutako aterpean egiten den lana azaltzen duten bideo hunkigarriak argitaratu dira, baita Lagunak elkarte animalistako boluntarioen lana ere.

Alba Delgadok gogorarazi duenez, Gabonetan etxe jakin batzuetan familia handitzea erabakitzen dute. Alde horretatik, jostailu bat ez direla azpimarratu du, epe luzerako erantzukizuna baizik, eta erosi aurretik beste formula batzuk daudela: boluntariotza, aldi baterako harrerak eta, ondoren, adopzioa. Horretarako, «adopzioan dauden animalien biografia txikia eta argazkia jarri ditugu Interneten. Gainera, aterpera joan eta haiekin egotea dago», azaldu du.

AGT ZAKURREKIKO AURREIRITZI FALTSUAK
Garapen Iraunkorra eta Ingurune Naturala Arloko zinegotziak aurre egin nahi izan die AGT txakurrekin (arriskutsuak izan daitezkeen arrazakoak) dauden aurreiritzi faltsuei: «Baten batek pentsa dezake adopzioan daudela jokabide txarra izan dutelako, baina ez da horregatik. Besteek bezala jokatzen dute, eta oso maitagarriak izaten dira. «Kentzen oso zaila den estigma daramate, badakit, baina barakaldarrak animatu nahi ditut adoptatzera, familia bat merezi dutelako. Babeslekura joatea dago,  haiek ezagutzera, eta egiaztatzea nolakoak diren».

Internet bidez ere ezagut ditzakete herritarrek animaliak. Zehazki, joan den 2019ko urrian, adopzioei buruzko atal berariazko bat txertatu zuen Udalak udal webean.

Orri horretan,  Barakaldoko animalien bilketa- eta mantentze-zerbitzurako Udalak kontratatutako enpresaren zentro-babeslekuan dauden txakur eta katuen zerrenda kontsulta daiteke. Hor ageri dira hirian bildutako txakur eta katuak, bai eta beste udalerri batzuetan bildutakoak ere.

Era berean,  Lagunak Animalista Elkartearen Facebook-eko orrirako esteka bat jarri zen web orrian. Elkarte horrek lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Udalarekin, udalerriko katuen udalekuak mantentzeko.

Horrez gainera, aldi baterako felinoak adoptatzeko edo hartzeko aukera eskaintzen du.

Aukera aprobetxatu du Alba Delgadok Barakaldoko kaleetan animalia bat abandonatuta edo zaurituta aurkitzen duen edonork Udaltzaingoari abisua eman behar diola gogorarazteko; Udaltzaingoa arduratzen da zerbitzuaren enpresa esleipendunarekin  harremanetan jartzeaz.