- Gaur amaitu da eskabideak aurkezteko epea eta 9.655 eskabide egon dira; horietako batzuen ordainketak izapidetzen ari dira dagoeneko.
- EAEko ostalaritza sektorerako laguntzak eta horren aurretik emandako turismo eta merkataritzarako COVID19 ezohiko laguntzak, ia 20.000 espediente guztira, urtea amaitu baino lehen hasiko dira ordaintzen. Establezimendu batzuek 7.000 euro jaso ahal izango dituzte bien artean.
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak EAEko ostalaritza sektorerako laguntzen balantzea aurkeztu du gaur, laguntza horiek eskatzeko epea amaitzen den egunean. «Laguntza horien helburua da euskal ostalaritzaren sektoreari babesa eta euskarria ematea, osasun-krisiaren eragin ekonomikoa txikiagotzeko”. 30 milioi euroko zuzkidura izango dute, eta 3.000-4.000 euro arteko dirulaguntza zuzenak jasoko dituzte aurkeztutako 9.655 eskabideek.
Sailburuak gogorarazi du laguntzak duela hilabete eskas onartu zirela, osasun-neurri berriak ezarri eta handik 3 egunera, egun batzuk beranduago argitaratu zirela, eta 15 eguneko epea egon dela laguntzak eskatzeko.
Laguntzak EAEko ostalaritzaren egoera kontuan hartuta sortu ziren; zehazki, % 99,5 mikro-enpresak eta enpresa txikiak dira. 12.219 establezimendu dira, eta horietatik erdiak baino gehiago langile 1 edo 2 dituzten enpresak dira. Zehazki, 8.297 establezimenduk 1-3 langile artean dituzte ( % 67), 3.224k, 4-10 langile ( % 26) eta 698k 10 langile baino gehiago dituzte ( % 5,7). Laguntzak kopuru horren arabera ezarri dira; beraz, 3 langile arteko establezimenduek 3.000 euroko laguntza jasoko dute; 4 eta 10 langile artekoek 3.500 euro, eta 10 langiletik gorako establezimenduek 4.000 euro.
Aurkeztutako eskabideak
9.655 eskaera aurkeztu dira gaur arte. Horietatik, 5.739 1-3 langileko establezimenduei dagozkie, hau da, % 60 inguru; 3.267, 4-10 langileko establezimenduei dagozkie, hau da, guztizkoaren % 33; eta 64, 10 langile baino gehiagoko lokalei dagozkie ( % 7).
Lurraldeka, 1.333 eskaera Arabari dagozkio, 3.096 Gipuzkoari eta 5.226 Bizkaiari. Beraz, 30 milioi eurotatik 4,2 milioi inguru Arabara bideratuko dira, 9,9 milioi Gipuzkoara eta 16,3 milioi Bizkaira.
Establezimendu-motaren arabera, zenbatekoaren erdia baino gehiago langile gutxien dituzten establezimenduen artean banatuko da, hau da, 16,8 milioi 1-3 enplegatuko edo autonomoko lokalen artean; 11 milioi, 4-10 langileko lokaletan; eta gainerakoa, 2,5 milioi ,10 langile baino gehiagoko establezimenduen artean.
Sailburuak aztertu duenez, «Gure konpromisoa baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiengana iristea eta abenduaren 31 baino lehen ordaintzen hastea zen. Eta betetzen ari gara». Laguntza eman zaiela jakinarazi ondoren, onuradunek 10 eguneko epea dute laguntzak onartu edo ukatzeko. 10 eguneko epean uko egiten ez badiote, onartutzat joko dira. Epea bete ondoren, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari bidaliko zaizkio aginduak, ordainketa bideratu dezan.
Sailburuak zehaztu duenez, dagoeneko aldeko balorazioarekin jakinarazten ari diren eskaerak dokumentazio guztia behar bezala aurkeztu dutenak dira. Erantsi gabeko dokumenturen bat eskatu behar bada, jakinarazpena igorri eta dokumentazioa eskatu behar da, horretarako administrazio-epe batzuk ezarrita, eta horrek prozesua moteldu egiten du. Beraz, arinago izapidetzen dira eskatutako dokumentazioa behar bezala aurkeztu dutenak.
Era berean, Sailetik ekainean deitutako merkataritza, turismo eta ostalaritzarako COVID19 ezohiko laguntzen ordainketak izapidetzen ari gara. «Badakigu laguntza horien ordainketa atzeratu egin dela, besteak beste, beren izaeragatik beragatik, lehia-prozedura bat baita. Gainera, espediente guztiak aztertu ondoren, nire Sailetik aurrekontua handitzea eskatu genuen azaroan 2,5 milioi gehiago merkataritzarako eta 7,5 milioi turismorako eta ostalaritzarako, espediente guztietara iritsi ahal izateko, eta horrek ere izapide eta epe administratiboak eskatzen ditu «.
Laguntzen zenbatekoa handitzeari esker, «Eskatzaile guztiengana iritsiko gara eta baldintzak betetzen dituzten guztiek laguntzak jasoko dituzte». Ildo horretan, gogorarazi du zenbait establezimenduk 7.000 euro jaso ditzaketela, 2 laguntza horiek gehituta, urtea amaitu baino lehen.
Merkataritza-kanpainak
Sailburuak, halaber, merkataritzaren papera nabarmendu du, batez ere erosketak ugaritzen ari diren garai hauetan. Merkataritza seguruaren kanpaina aurkeztu du, zuhurtasunerako eta erantzukizun indibidualerako deia gabonetan, eta erantzukizun kolektiboa da. «Merkataritzak eta ostalaritzak beren jarduerari eutsi ahal izango diote, edukiera murriztuta eta orain arte zorroztasunez aplikatzen ari diren osasun-neurriak hartuta, baina guk guztiok espazio seguruak izaten jarraitu behar dugu». Kanpainak telebistarako iragarkiak, irrati-iragarkiak eta sare sozialetarako materialak izango ditu.
«Gomendio guztiak errespetatu eta merkataritza eta ostalaritza negozioei ere lagundu diezaiegun, arau guztiak betez, gure erosketak aldez aurretik planifikatuz, pilaketak saihestuz eta distantzia mantenduz. Ez gaitezen lasaitu, beste batzuetan esan dudan bezala, kontua ez baita Gabonak salbatzea, bizitzak salbatzea baizik «, amaitu du Javier Hurtado sailburuak.