Eusko Jaurlaritzak, Eskualdeetako Lantaldean, pixkanaka nekazaritza konbentzionaletik ekologikora igarotzea defendatu du

0

Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia izango da Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria, egunotan Eskualdeetako Lantaldeak birtualki antolatu duen osoko bilkuran.

Oraingoan, EBko ordezkari nagusiekin eztabaidak egitea aurreikusten da, eta haien artean honako hau nabarmendu behar da: Erresuma Batuarekiko negoziazioei eta Brexiten lurralde-ondorioei buruzko eztabaida. Halaber, eztabaidak egingo dira zabaltze-paketeari eta Europako auzoarte-politikari buruz, Olivér Várhelyi Auzoarte eta Zabaltzeko komisarioarekin; 2021erako Europako Batzordearen Lan Programari buruz, Maroš Šefčovič Erakundeen arteko Harremanen lehendakariorde arduradunarekin; Migrazioko eta Asiloko Itun berriari buruz, Ylva Johansson Barne Gaietako komisarioarekin, eta landa-eremuetako lehengoratzeari eta erresilientziari buruz, Janusz Wojciechowski nekazaritzako komisarioarekin.

Eskualdeetako Lantaldeak elektronikoki bozkatzeko jarriko ditu 9 irizpen eta ebazpen bat; Euskadik 10 zuzenketa aurkeztu dizkie.

«Baserritik mahaira» irizpen-proiektua dela eta, Eusko Jaurlaritzak gogorarazten du nekazaritza-ekoizpen ekologikoagoko sistemetara igarotzeko prozesuan elkarbizitzan jardungo dela ekoizpen-sistema konbentzionalekin; pixkanaka eraldatzeko, laguntzeko tresnak eskatzen ditu. Gainera, elkarrekikotasun zorrotza eskatzen du hirugarren herrialdeetako ingurumen-ekoizpeneko arauetan.

«Klima-aldaketak eskualdeetan duten inpaktua: Europako Itun Berdearen ebaluazioa»ri buruzko irizpen-proiektuan, euskal proposamenak nabarmendu egiten du nolako beharra dagoen, batetik, lurraldearen erresilientzia aregotzeko eta klima-aldaketara egokitzeko politikak aktibatzeko, eta, bestetik, kontsumo-ohitura jasangarriagoak sustatzeko.

Azkenik, «Klima-aldaketara prebentzio moduan egokitzeko aukerak eta sinergiak, jasangarritasuna eta bizi-kalitatea sustatzeko» irizpen-proiektua dela eta, Euskadik klima-aldaketarekiko egokitzapenean eragina duten politiken estatuko plan eta estrategien artean sinergiak sortzeko garrantzia nabarmentzen du.