Lehendakariak René Cassin 2020 saria eman dio Carlos Martín Beristaini, giza eskubideen sustapenean eta defentsan eginiko lanagatik

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak lagunduta, 2020 René Cassin Saria Carlos Martín Beristain mediku eta psikologian doktoreari eman dio, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, hain zuzen.

Sari banaketa-ekitaldia Lehendakaritzan izan da; bertan, Josu Erkoreka eta Idoia Mendia Lehendakariordeak izan dira; bai eta José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea eta Monika Hernando Biktimen, Giza Eskubideen eta Aniztasunaren zuzendaria ere.

Eusko Jaurlaritzak aurten eman duen René Cassin saria banatzeko ekitaldian, Lehendakariak bere aitortza eta esker ona helarazi dizkio Carlos Martín Beristaini; aitortza bizitza osoan zehar giza eskubideen alde erakutsi duen etengabeko konpromisoari, mundu globalean ahotsik ez dutenei  ahotsa emateagatik eta zubigintzaren balioa aldarrikatzen eta zubiak eraikitzen egindako lanagatik; eta eskerrak sustatu eta zabaldu dituen oinarrizko balioengatik: Gertutasuna, Elkartasuna, Anaitasuna, Adostasuna.“Zure konpromisoa eta ibilbide eredugarria aitortzen eta eskertzen dugu Sari honekin”, esan du.

Halaber, Lehendakariak adierazi du René Cassin sariak Euskadik Giza Eskubideekiko, «eskubide guztiekiko, pertsona guztientzat», duen konpromiso irmoa sinbolizatzen duela. Lehendakariaren hitzetan, pertsonak, haren duintasunak eta giza eskubideek gure bizikidetzaren zutabe izan behar dute, baita mundu bidezkoago, gizatiarrago eta iraunkorrago baten zutabe ere. «Carlos Martin Beristainek giza eskubideen aldeko konpromisoaren onena erakusten du, eskubide guztiena pertsona guztientzat, hemen eta mundu osoan», gaineratu du.

Bere aldetik, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi du giza eskubideek dimentsio indibiduala dutela zalantzarik gabe, baina, batez ere, dimentsio kolektiboa eta komunitarioa dutela. “Kontua ez da nire eskubide indibidualak errespetatu, babestu eta bermatzea. Kontua da, batez ere, guztion eskubideak errespetatzea, babestea eta bermatzea. Eskubideak guztionak eta guztiontzat dira, edo ez dira eskubideak. Gure eskubideen alde borrokatu nahi badugu, bide zuzen bakarra dago: guztion eskubideen alde borrokatzea”, esan du.

Martin Beristainen hautagaitza Argituz Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak proposatu du. Oraingoan, epaimahaiak Martin Beristainek “hamarkadetan zehar eta munduko hainbat lekutan giza eskubideen sustapenean eta defentsan” egindako lana nabarmendu du. Epaimahaiak, gainera, balioan jarri du erabat hautsita dauden eta gatazka bortitz larriek astindu dituzten gizarteetako biktimen memoria berreskuratzeko eta haiei laguntzeko lana, bai eta irakaskuntzako, ikerketako eta giza eskubideen urraketa larrien prebentziorako lana ere.

René Cassin sariduna: Federico Mayor Zaragoza

Eusko Jaurlaritzak 2019ko René Cassin saria Federico Mayor Zaragoza 1987aren eta 1999aren artean UNESCOko zuzendari nagusi izan zenari eman dio. Buru izan da, NBEko idazkari nagusiak eskatuta, Zibilizazioen Aliantzan, eta Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordeko buru ere izan da. Cultura de Paz fundazioko eta DEMOSPAZ Giza Eskubideen, Demokraziaren, Bakearen Kulturaren eta Indarkeriarik Ezaren Institutuko sortzaile eta presidente izan da.

René Cassin saria

René Cassin saria Eusko Jaurlaritzak sortu zuen, beren jarduketaren bidez gure gizartean giza eskubideen balioak sustatzen laguntzen duten pertsona fisiko edo juridikoen lana jendaurrean aintzatesteko. Sariak René Cassinen izena hartu zuen. René Cassin 1887an Baionan jaio zen, eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusitzat hartzen da. 1968an Bakearen Nobel Saria jaso zuen.