Segurtasun sailak alerta laranjak aktibatu ditu datorren larunbaterako, abenduak 12, kostaldean inpaktuagatik eta nabigaziorako

0

 

  • Kostaldean inpaktuagatiko alerta eguneko bigarren itsasgorarekin batera izango da eta 13:00etatik 16:00etara bitartean egongo da indarrean
  • Era berean, nabigaziorako ezarritako alertak 00:00etatik 18:00etara izango du eragina, 5 eta 6 metro inguruko olatuekin

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du kostaldean inpaktuagatik larunbatean, abenduak 12, 13:00etatik 16:00etara, eguneko bigarren itsasgoraren inguruan. Era berean, alerta laranja ezarri du nabigaziorako (lehen bi milietan) larunbateko 00:00ak eta 18:00ak bitartean, izan ere olatuen altuera adierazgarria 5 eta 6 metro ingurukoa izango da eta periodoa, 17-18 segundo bitartekoa.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Atlantikoaren iparraldean, Groenlandia eta Britainiar Uharteen artean dagoen borraska sakon batek olatu handiak sortuko ditu. Ondorioz, bereziki larunbatean, olatu handiak iritsiko dira euskal kostaldera. Olatuen ezaugarriak direla eta, pasealeku eta malekoietan zipriztin eta olatu-zaparrak erori daitezke, eta olatuek itsasertza gaindi dezakete zenbait lekutan, bereziki itsasgoren inguruan.

Prezipitazioari dagokienez, kantauri isurialdean ugariak izaten jarraituko dute gaur, osteguna, bihar, ostirala eta larunbat goizean; mendebal eta ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du, batez ere kostaldetik gertu. Larunbat eguerditik aurrera prezipitazioa nabarmen jaistea espero da, azken orduetan ia erabat desagertu arte.

Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez jarraitzea edo «abisuak nahieran» zerbitzuan alta emanda. Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.

Gomendioak

  • Urrundu olatuak lehertzen diren lekuetatik (haitz, kai-mutur, moila).
  • Ez hurbildu itsas pasealeku, kai-mutur edo itsas labarretara. Uraren indar handiak eraman egin zaitzake.
  • Urpekaritza egitekoa bazinen, utzi beste baterako.
  • Saiatu ontzirik ez erabiltzen, eta begiratu zurea ondo amarratuta dagoen. Ez egin uretako kirolik, ezta inondik ere.
  • Itsasora erortzen bazara, urrundu olatuak lehertzen diren lekutik, laguntza eskatu eta itxoin erreskatatu arte.
  • Olatuek eramaten bazaituzte, lasai egon, eta ez egin igeri korrontearen kontra; kostako korronteek indarra galtzen dute tarte batzuetan.