Terrazetarako hesien banaketa abian jarri du Barkaldoko Udalak

0
PRUEBA

Barakaldoko Udalak udalerrian ustiatzeko baimena duten 173 establezimenduetako terrazak mugatzeko hesiak banatu ditu, Eusko Jaurlaritzak datorren larunbatetik aurrera sektorea berriro irekiko duela iragarri ondoren.

Terraza horietako gehienak aparkalekuei irabazitako espazioei dagozkie, eta Udalak salbuespen gisa baimendu ditu ostalaritzari ezarritako jarduera-murrizketak arintzeko. Une honetan, helburua terrazetako jarduera berehala berreskuratzea da, Eusko Jaurlaritzaren neurri berrien arabera, aire zabaleko terrazako edukiera osoa baimenduko baita. Ildo horretan, Udalak jarritako seinaleak errespetatzeko eskatzen zaie herritarrei, ostalaritzak espazio hori berreskuratu ahal izan dezan larunbatetik aurrera bere jarduera egiteko.

Udalak gune horietarako ezarritako baldintza orokorrei eutsiko die alarma egoera ezarri ondoren, baina egungo araudiak hainbat berrikuntza jasotzen dituela gogorarazi du. Alde batetik, establezimenduak 20:00etan itxiko dituzte, eta ezingo da goizeko 6ak baino lehen ireki. Bestalde, terrazetan ez erretzeko berariazko deia egiten da, eta gogorarazten da pertsona bat zigortu daitekeela espazio horietan maskara behar bezala erabiltzen ez badu, jaten edo edaten ari ez denean. «Gure esku dago birusaren hedapena geldiaraztea eta ostalaritzak modu seguruan lan egitea. Horregatik, terrazetan erretzea saihestu behar dugu, eta beti maskara jantzita eduki behar dugu, jateko eta edateko izan ezik «, azpimarratu du David Solla zinegotziak. «Arduraz eta zuhurtziaz jokatu behar dugu».

Era berean, neguan terraza-zerbitzua errazteko, Udalak aukera emango du terrazak estali ahal izateko elementu lagungarriak jartzeko, Obra eta Zerbitzu Publikoen Arloak auzoetarako eta hirirako ezarritako irizpideei jarraituz. Ildo horretan, Udalak beste epe bat irekiko du terraza berria edo haren luzapena eskatzeko, deseskalada egin bitartean hura eskatzeko aukerarik ez duten lokalek eskaera egin dezaten.