Kontsumobidek erosketak planifikatzea eta mailakatzea gomendatzen du, Covid 19tik eta elikagaien xahuketatik babesteko.

0

Gabonak opariekin, familia-bilerekin eta bazkariekin, afariekin eta gehiegikeriekin identifikatzen dira. Baina jaiak desberdinak izango dira aurten. Osasun-alertak ezarritako murrizketek jaiak formatu txikiagoan bizitzera garamatzate. Egoera horretan, inoiz baino garrantzitsuagoa da planifikatzea.

Gu geu eta maite ditugun pertsonak nola babestu aldez aurretik pentsatu behar dugu,  eta hori kontsumoaren aurrean dugun jarreran ere antzeman behar da. Merkatariek eta ostalariek arduraz kontsumitu dezagun behar dute, tokian tokikoaren aldeko apustua egitea, eta erosketak mailakatzea, pilaketarik gerta ez dadin. Horrela, gainera, hobekuntzak lortuko ditugu gure etxeko ekonomian.

Aurten ezin ditugu alde batera utzi kontuz ibiltzeko eta arduraz kontsumitzeko neurriak. Kontsumo arduratsuak herrian erostea, erosketak era mailakatuan egitea, planifikatzea eta elikagaiak alferrik galtzea saihestea dakar.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak Gabonetako menuak planifikatzea, erosketak antolatzea eta mailakatzea eta benetako beharretara egokitzea gomendatzen du. Egun hauetan ohikoak diren gomendio horiek familien gastua kontrolatzen laguntzen dute, eta kontsumo arduratsua ere sustatzen dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko elikagai-hondakinen aurkako plataformak emandako datuen arabera, urtean 350.000 tona elikagai baino gehiago botatzen dira, hau da, 160 kilo pertsona bakoitzeko, eta elikagai-hondakinen sortzaile nagusiak etxebizitzak dira.

Erosketa planifikatua eta mailakatua gure ekonomia hobetzen laguntzen duten estrategiak dira, eta, aldi berean, elikagaiak alferrik galtzeko arriskuak murrizten dituzte eta osasun-krisiari modu arduratsuagoan aurre egiten laguntzen digute.

Hozkailuan eta despentsa elikagaiak ondo banatzea edo «soberako menuak» deiturikoak prestatzea ere gure errutinetan sartu beharreko estrategiak dira.

Alferrikako familia-gastutik edo gosea jasaten duten milioika pertsonen aurreko arazo etikotik harago doa elikagai-xahuketaren arazoa. Lehen mailako arazo ekologikoa da, bai elikagaien ekoizpenean kontsumitzen diren baliabideengatik, bai baztertutako elikagaiak prozesatzeko beharrezkoak diren baliabideengatik. Eta aurten, era mailakatuan erostea osasun arazo bati aurre egiten ere lagunduko digu.