Barakaldoko Tokiko Poliziak etxebizitza babestu bat okupatzea saihestu du

0

Barakaldoko Udaltzaingoak etxebizitza babestu bat okupatzea galarazi zuen atzo. Bosgarren aldia da azken asteotan, jabetzakoak ez direnek higiezin baten jabetza legez kanpo hartzea. Etxebizitza horietako bi babes publikokoak ziren, Udaleko Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloak jakitera eman duenez.

«Herritarren lankidetza berriz ere funtsezkoa izan da etxebizitza okupatzea eragozteko. Hilabeteak daramatzat esaten, eta gaur berriro diot: norbaitek etxe bat legez kanpo okupatuko dela susmatzen badu, berehala deitu behar dio Udaltzaingoari. Agenteek azkar jokatzen dute eta arau-hausleak uxatzea lortzen dute», gogorarazi du Angel Madrazo Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotzi ordezkariak.

Oraingo honetan, Udaltzaingoari telefonoz deitu zioten atzo, 11:40ak aldera, esanez pertsona bat berea ez zen etxebizitza batera sartzen saiatzen ari zela, indarrez. Agenteek egiaztatu zuten etxebizitzara iritsi bezain laster, etxebizitza okupatzea saihesteko jarritako ate berezia kendu egin zutela eta jatorrizko atea baino ez zela geratzen.

Halaber, etxebizitzatik gertu zegoen gizon bat identifikatu zuten, ustez okupatzen saiatu izana egotzita.

Angel Madrazok jakitera eman duenez, familia batek dagoeneko esleituta dauka etxebizitza babestu hori, eta, Poliziaren esku-hartzeagatik izan ez balitz, bertan bizitzeko aukerarik gabe geratuko zatekeen. Orain, etxebizitzako sarreran eragindako kalteak konpondu arte itxaron beharko du.