Pentsamendua eta gorputza utopiez kutsatzeko deia egingo du aurtengo Feministaldiak

0

Plazandreokek antolatuta, beste urte batez, Kultura feministaren jaialdia egingo da “Kutsatu” lelopean abenduaren 14tik 19ra.  Aurkezpenean izan dira gaur Plazandreok kolektiboko antolatzaile Juana Aranguren, Feministaldiako
koordinatzaile Leire San Martin, Maider Zilbeti eta Laura Muelas, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida, eta Tabakalerako kultura zuzendari Clara Montero.

Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak, azaldu du “Urte berezi eta arraro honetan jaialdiak aurrera egingo zuela jakitea berri ona izan zen, zorionak; zeren begirada feminista ezinbestekoa da”. Landaidaren esanetan pandemiak «oraindik argiago» erakutsi digu gure gizartean dagoen berdintasun eza eta horrekin batera, «baita kulturak zelako garrantzia duen, nola heltzen diogun kulturari garai zailenetan». Horregatik uste du Feministaldiak «garrantzi izugarria» duela, «kultura eta feminismoa uztartzen dituelako, eta beste mundu posible bat imajinatzen duelako, eta aldarrikatzen duelako». Feminismoak gizartea «kutsatzen» jarraitu behar duela adierazi du Emakundeko zuzendariak, gizarteak «feminismoaren txertoa» behar duela, eta Feministaldian hori dosi handietan eskaintzen duela.

Urtero bezala, egungo errealitateari lotutako jaialdia pentsatu eta sortu nahi izan dute, aurten, ukaezina den pandemia egoerari begira hain zuzen. Horretarako, 30 sortzaile feministatik gora bilduko dituzte jaialdiaren XV. edizioan “Kutsatu” lelopean. Hala azaldu du San Martinek: “Badakigu ez dela urte erraza izaten ari eta, akaso, horregatik beragatik, ezinbestekoa da feminismoetatik eta sorkuntzetatik, bizigarria izango den beste mundu bat irudikatu eta eraikitzea.

Garai distopikoak bizi ditugun arren, non kutsatzea beldur handiena bilakatu zaigun, aldarrika ditzagun elkar-kutsatzeko beste modu eta eduki batzuk. Kutsatu eta deskutsatu ditzagun pentsamendua eta gorputzak eta ez diezaiogun uko egin utopiak sortzeari”. Irudia ere, gaiari lotuta, enkarguz egin du Alazne Zubizarretak, eta “ondo baino hobeto” jaso du esentzia.

Azaroaren 13an, hitzaurrea izan zuten Marina Garcés eta Remedios Zafraren “Pentsamendua deskutsatu” mahainguruarekin, hurrengo egunak ideia horietan sakontzen jarraitzeko helburua dutela azaldu duela Muelasek: “Hitzaurrean hasi genuen bidea jarraitu nahi dugu, kolektiboki eta ikuspegi feministatik, bizi dugun garai distopikoaren irakurketak eginez”.

Horretarako, gaurtik hasi eta larunbatera arteko egitarau zabala aurkeztu dute. Astelehen eta asteartean tailerrentzako tartean izango da, eta asteazkenetik hasita, hitzaldi, mahainguru, emanaldi, irakurketa eta abar izango dira, besteak beste, Yayo Herrero, Ana Lauara Alaez, Lidia García, Arrate Hidalgo, Ainhoa Nadia Douhaibi, Ana Amalndoz, Ula Iruretagoiena, Michela Lamedica edota Haizea Barcenilla bezalako pentsalari eta sortzaileen eskutik.

Tabakalerarekin elkarlana

Iaz, jaialdiak, deszentralizazio apustua egin eta Tabakaleraz gain, hiriko beste esparru batzuetan ere egin zuen jaialdia. Aurten, jaialdi osoa Tabakaleran egingo da, ia gehiena Patioa espazioan, baina baita Zinean ere.

Clara Monterok elkarlana azpimarratu du, zehazki, bi jarduera antolatu dira elkarlanean: Hiru begirada. Hiru pasarte. eta Musika, dena eta eszena-ren barnean,Sandra Cuesta eta Myriam RZM-ren kontzertua.

Osasun neurriak direla eta, aurten aldez aurreko izen-ematea egin behar izan dute, eta ia ekimen guztiak bete dira oso denbora gutxian. Hala ere, oraindik lekua dauden ekimenetan izena emateko deia egin dute eta baita itxaron zerrendak egongo direla azaldu ere. Bestalde, streaming bidez jarraitzeko aukera egongo dela azaldu dute.