Covid-19ri aurre egiteko, 500dik gora auzo-proposamen jaso dituzte Barakaldon

0

Barakaldoko Udalaren Partaidetzazko Aurrekontuek herritarrek egindako 500 proposamen baino gehiago jaso dituzte aurten  koronavirusaren krisiaren ondorioak arintzeko. Edizio hau aitzindaria da lurraldean,  partaidetzazko aurrekontuen 2,2 milioi euroetatik 1,6 koronavirusaren ondorio sozial eta ekonomikoak arintzen laguntzen duten proiektuetara bideratu baitira.

Udaleko langileek jasotako proposamen bakoitza aztertzeko prozesu bati ekin diote, eta dagoeneko izan dute hasierako sailkapen bat, auzotarren asmoek xede duten  eremuan oinarrituta. Gogoan izan behar da proposamenak, onartuak izateko, honako eremu hauekin izan behar zutela zerikusia: adinekoekin, gazteekin, enplegua eta jarduera ekonomikoarekin, mugikortasun jasangarriarekin, gizarte-eremuarekin eta kultur-hezkuntza eremuarekin.

Alde horretatik, Mugikortasun Jasangarriarena izan da proposamen gehien jaso dituen esparrua, eta, ondoren, Gizarte Eremua, Enplegua eta Jarduera Ekonomikoa. «Oso pozik gaude herritarren erantzunarekin. Aurten  beste batzuetan baino erronka korapilatsuagoa planteatu genuen. Erronka horretan, proposamenek lotuta egon behar zuten koronavirusaren krisiarekin zerikusia zuten pertsonei laguntzeko esparruekin, eta, egia esan, 500dik gora proposamen jaso izana  erantzun bikaina iruditu zaigu, eta beste behin ere erakusten du gure bizilagunek ekarpenak egin nahi dituztela eta entzunak izan daitzen nahi dutela, eta, jakina, agerian utzi dute beste behin Barakaldoren izaera solidarioa; izan ere, gure hirian eta gure bizilagunen artean koronabirusaren ondorioak arintzeko proposamenak egin dituzte», adierazi du Gorka Zubiaurre Alkatetza, Gobernu Irekia, Turismoa eta Berrikuntza Arloko zinegotziak.

Azterketa-prozesua amaitu ondoren, Udalak  baliozko proposamenen kopurua, programan ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenak eta herritarren botoetara jarriko diren proiektuak iragarriko ditu. «Programaren bigarren fasea izango da hori. Proposamenak eremuka banatuko dira, eta herritarrei eskatuko diegu proposamen horietatik zeintzuk iruditzen zaizkien Aurrekontu Parte-hartzaileen bidez egiteko lehentasunezkoak», adierazi du Zubiaurrek.

Partaidetzazko Aurrekontuak bi urterik behin egiten dira, eta guztira 2,2 milioi euroko partida dute, honela banatuta: 1,6 milioi euro barakaldarren proiektu berritzaile eta sortzaileetarako, familiei Covid-19ren ondorioak arintzen laguntzeko, eta 600.000 euro, berriz, auzoak hobetzeko. Egungo egoera dela eta, lehentasuna eman zaio koronabirusarekin egindako proposamenak jasotzeari, eta 2021ean zabalduko da auzoetan oinarritutako proposamenak jasotzeko epea.