Joan den asteburuko hiru egunetan Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 1.127 isun jarri dituzte Euskadin, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko ezarritako osasun-arauak ez betetzeagatik. Horietatik erdia baino zertxobait gehiago –628– zirkulazio-askatasunaren eta gehienez seiko taldetan elkartzeko muga ez errespetatzeagatik jarri dituzte.
Ertzaintzak eta udaltzaingoek asteburu honetan berriz egin dituzte kontrolak norbera bizi den udalerritik eta autonomia-erkidegotik justifikatu gabeko arrazoiengatik irtetea eragozteko eta gainerako osasun-neurriak betetzen direla zaintzeko. Zaintza-dispositibo horietan guztira 1.127 isun bideratu dituzte ostiraletik igandera bitartean. Horietako gehienak, 628, alegia, mugikortasunean ezarritako mugak urratzeagatik edo gehienez sei pertsonako taldetan elkartzeko murrizketa ez betetzeagatik jarri dituzte, eta beste 431 isun gaueko ordutegian zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik.
Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 284 isun bideratu dituzte. Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, guztira 116 isun bideratu baitituzte. Gainerako isunen kontzeptuak, besteak beste, kalean pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira.
Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 258 isun Araban, 501 Bizkaian eta 368 Gipuzkoan.