Josu Erkoreka adierazi du «arraskastasua» izaten ari dela Ertzaintza eta Udaltzaingoak osasun-krisi globalari ematen ari diren erantzun planifikatu eta koordinatua

0

 

  • Sumatu ere ezin zen eta konplexua izaten ari den egoeraren aurrean, Euskadiko Poliziak arin eta eraginkortasunez jardun du herritarrak babesteko eta Euskadiko osasun-sistemari koronabirusaren hedapena geldiarazteko lanean laguntzeko.
  • Ehunka operatibo bateratu diseinatu eta gauzatu dira, eta 62.000 pertsonari baino gehiagori jarri zaizkie isunak Euskadin koronabirusa hedatzea eragozteko onartutako araudia urratzeagatik.

Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkoreka buru dela egin da gaur bideokonferentzia bidez Euskadiko Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordearen bilera. Euskadiko Polizia koordinatzeko organo gorena da, eta aurten aparteko garrantzia izan du, bertatik bideratu baita bizi dugun osasun-krisi globalari aurre egiteko segurtasun publikoaren erantzun bateratua. Sailburuaz gainera, Jaurlaritzaren izenean bileran izan dira Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea, Aitor Lete Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria eta Rodrigo Gartzia Ertzaintzaren zuzendaria.

 

Bere esku-hartzean, Josu Erkorekak azaldu du Ertzaintzak eta Euskadiko udaltzaingoek orain arte inoiz ez diotela aurre egin beharrik izan sumatu ere ezin zen erronka konplexu bati, benetan konplexua izan baita mundu osoko pandemiaren aurrean segurtasuna publikoa kudeatzeko erronka. Baterako lanaren emaitza erantzun arina eta eraginkorra izan da, eta arrakastatsua izan da bai osasun-araudia eta alarma-egoera betetzeko kontrolaren ikuspegitik bai koronabirusaren hedapena geldiarazteko euskal osasun-sistemari laguntzeko lanaren ikuspegitik.

 

Ertzaintza eta udaltzaingoak pandemiaren hasieratik aritu dira lanean lankidetza estuan, eta egunero egon dira harremanetan datuak egiaztatzeko, astero egin dituzte bilerak eta batzar formalak, eta horri guztiari esker hainbat eta hainbat operatibo bateratu diseinatu eta gauzatu ahal izan dira Euskadin. Ohiko operatiboak eta operatibo bereziak gauzatu dira, besteak beste, udan hondartzetara hurbildu diren pertsonen pilaketak kontrolatzeko, “ez-jaiak” izenekoak eragozteko, mugikortasuna kontrolatzeko, establezimenduak aurreikusitako ordutegian itxiarazteko, kalean alkohola kontsumitzea eragozteko, botiloiak eragozteko, eta abar.

 

IRIZPIDEAK BATERATZEA

 

Orain arte 18 agiri bateratu prestatu dira Ertzaintzak eta udaltzaingoek osasun-alarman aplikatzeko irizpideak zehazteko. Horri esker modu homogeneoan jardun ahal izan da Euskadin, eta, batez ere, euskal gizarteak uneoro izan du jarduera-erreferentzia argia.

 

Hasieratik, lehenengo alarma-egoeratik, irizpideak argitzeko egin zen lan horri esker, Euskadiko poliziek irizpide eta material homogeneoak erabili dituzte zigorrak ezartzeko, bai eta, ondoren, isunak izapidetzeko eta zehatze-prozesu analogoak erabiltzeko ere. Martxotik 61.957 isun jarri dituzte birusaren hedapena geldiarazteko diseinatutako arauak eta murrizketak urratzeagatik. Araban, 23.313; Bizkaian, 20.248; eta Gipuzkoan, 18.396.

 

TOKIKO POLIZIA KOORDINAZIORAKO BATZORDEAK

 

Hiru hiriburuetako tokiko esparruan eta Ertzaintzaren lurralde-mugapeetako bakoitzean lan egiten duten polizia‐zerbitzuen esku‐hartzeak koordinatzeko organoak dira. Bilera horietara dagokion mugapeko udaltzaingoetako eta Ertzaintzako arduradunak joaten dira, bai eta polizia-kidegorik ez duten eta organora atxikitzen diren beste udalerri batzuen arduradunak ere.

 

Euskadiko Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak gaur egin duen bileran, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariez gainera, izan dira Euskadiko hiru hiriburuetako eta Mungiako, Laudioko, Arrasateko eta Azpeitiako alkate edo zinegotziak, eta Euskadiko udaltzaingoetako funtzionario ordezkariak.