Osasun sailak eta URAk kontsumo publikorako eta bainu-eremuetako uren kalitatea babesteko hitzarmena berretsi dute

0
  • Bi urtez luzatu da 2019ko urtarrilean sinatu zen hitzarmena

Giza kontsumorako eta bainu-eremuetako ura ekoizteko urak hobeto babesteko jarduketak finkatzen jarraitzeko, Osasun Sailak baimena eman du Uraren Euskal Agentziarekin (URA) 2019ko urtarrilaren 31n sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bigarren luzapena. Luzapen horrek ez dakar aldaketarik orain arte indarrean egon den hitzarmenaren aldean, eta aukera ematen du dagoeneko abian diren jarduketekin jarraitzeko eta horiek finkatzeko.

Hitzarmen honek aukera eman du:

  • Kontsumorako ura ekoizteko uren egoeraren segimendua egiteko programa berrikusteko eta betearazteko. Ur-bilketako puntuetako 527 laginketa programatu ziren, eta 460 egin dira, urriaren 1era arte. Laginak Osasun Publikoko laborategian aztertu dira eta, gaur egun, amaitzen ari dira laginketak egiten, eta URAren eta Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren zerbitzu teknikoak emaitzak interpretatzen amaitzen ari dira.
  • Bainurako eremuen kasuan, eragin-eremuetako uren egoeraren segimendua egiteko programa diseinatu eta gauzatu da. 160 laginketa egin dira eta lagin horiek analizatu, bainurako eremuetako ingurumen-kontroleko puntuen segimendua egiteko.
  • Halaber, nabarmen egin da aurrera giza kontsumorako ura ekoizteko ur-bilkeraren inbentarioan eta geoerreferentziazioan. 712 bilketen % 87 berrikusi dira.

2019ko urtarrilaren 31n sinatutako hitzarmenak berak beste 4 urte arteko luzapena adosteko aukera aurreikusten zuen. Emaitzak onak direla uste denez eta jarduketei eta konpromisoei eusten zaienez, bi aldeek 2020ko abenduaren 18an erabaki zuten hitzarmenaren bigarren luzapena, hasiera batean bi urtez, 2022ko abenduaren 31ra arte.