URAk berehalako gertakari hidrometeorologiko kaltegarriak aurretiaz detektatzeko tresnen kontratazioa lizitatu du

0
  • «Nowcasting» izeneko teknika horiei esker, euri-jasa handiak aurreikusten dira: zehazki, eremu mugatutakoak, denbora-tarte laburrekoak eta bat-bateko uholdeak eragin ditzaketenak
  • Proiektua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarekin batera egingo da, eta xede du EAEko uholdeen iragarpenean eta alertan laguntzea

URA-Uraren Euskal Agentziak (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikita) berehalako gertakari meteorologiko kaltegarriak aurretiaz detektatzeko tresnak kontratatzeko lizitazioa ireki du. Xedea da denbora-tarte eta eremu mugatutako euri-jasa handiak aurreikusteko baliabide gehiago izatea: bat-bateko uholdeak eragin baititzakete. «Nowcasting» izeneko teknikak deritze, eta deskribatutako fenomenoei aurrea hartzeko eredu meteorologikoei forma emateko balio dute. Beste era batera esanda, helburua da gertakari meteorologiko horiek zehaztasun handiagoz iragartzen lagunduko duten tresnak izatea; hala nola, ekaitz konbektiboak deritzenak — denbora-tarte laburretan eta eremu mugatuetan ematen diren bat bateko euri-jasa oso handiak, ez orokortuak — eta horien balizko ondorio hidrologikoak; kasurako, bat-bateko uholdeak..

URAri dagokio ibaien eta urtegien kontrol hidrologikoa egitea, eta horien mailak iragartzea, iragarpen meteorologikoetan oinarrituta. Horregatik, lan horiek Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarekin eskutik egingo dira.

Uholdeak saihestu ezin diren fenomeno naturalak dira, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoa uholdeekiko kaltebera den lurraldea da, bere ezaugarri orografiko, klimatiko eta hidrografikoengatik. Horregatik, ezinbestekoa da fenomeno meteorologiko kaltegarriak iragartzeko tresnak izatea.

Eguraldi iragarpenak denbora errealean hobetzeko, teknika asko erabil daitezke. Horietako bat lehen aipatutako «Nowcasting» tekniketan datza, radarrek emandako prezipitazio-datuen bilakaera,  probabilitate-iragarpenekin uztartuz. Horien helburua da epe laburrera eta oso laburrera ezagutzea arestian deskribatutako muturreko gertakari meteorologikoen agerpena.

Teknika horiek baliatuz, aurreabisu-denbora zenbait orduz handitu ahal izango da, 6 ordutik beherako epeetan, eta prezipitazio biziko iragarpen meteorologikoak egin ahal izango dira, prezipitazio-kantitatea, hasierako ordua eta euri bortitza edo konbekzio larria eragiten duten hodei sistemen norabide eta norazkoen iragarpena barne.

Teknika horiek estazio meteorologikoen datuak, haizearen profilari buruzko datuak edo eskuragarri dagoen beste edozein informazio meteorologiko erabiltzen dute, aurrena,  egungo egoera meteorologikoa zehatz-mehatz deskribatzeko,  eta, gero,  aurreikus daitekeen portaera meteorologikoa zein izango den iragartzeko. Hau da, gertatu baino 6 ordu lehenago, ekaitz indibidualak iragarri ahal izatea, zentzuzko zehaztasunez, normalean aldez aurretik ezagutu ezin direnak.

 

Era berean, tresnak radar historikoen datuen biltegi bat sortuko du segida historiko jarraitu bat sortzeko: horri esker, aurreikuspen hidrologikoak eta aurreabisu-denbora hobetzen diren aztertu ahal izango da. Baita iragarpen meteorologikoei lotutako ziurgabetasuna — eredu hidrologikoen oinarri direnak — nabarmen murrizten den ere.