30-34 urte arteko hamar gaztetik zazpik diote emantzipatuta daudela, gehienak jabetzako etxebizitza bati esker

0
  • Era berean, 25 eta 29 urte arteko hiru pertsonatik bat independizatu da
  • Etxebizitza erostea da, oraindik ere, gehiengoaren aukera da 30-34 urte arteko pertsonen artean
  • Etxebizitza-beharra duten gazteen herenek uste dute emantzipatzeko aukera izan dezaketela bi urteko epean

Gazteen Euskal Behatokiaren ‘Gazteak, emantzipazioa eta etxebizitza-beharra Euskadin 2019’ txostenak erakusten du euskal herritar gehienak 30 eta 34 urte bitartean emantzipatzen direla. Zehazki, 25 urte bete aurretik, hau da, 18 eta 24 urte bitartean, emantzipatutako gazteen %8,1 daude; 25 eta 29 urte bitartean, berriz, portzentajea %33,1era iristen da (hirutik bat); eta 30 eta 34 urte bitartean, emantzipatutako pertsonak gehiengoa dira, zehazki, %70,1 edo hamarretik zazpi.

Gainera, etxebizitza erostea da, oraindik ere, gehiengoaren aukera. 30-34 urte artekoen artean, hamar lagunetik sei beren jabetzako etxebizitza batean emantzipatzen dira. Aldiz, hogeita hamar urtetik beherakoen artean, alokairuarena da formularik ohikoena (%64,9), eta hamarretik hiruk baino ez dute etxebizitza bat jabetzan.

18 eta 34 urte bitarteko gazte guztiak barne hartuta, emantzipatutako pertsonen erdiak (%50,2) jabetzako etxebizitza batean bizi dira. Zertxobait gutxiago dira alokairuan bizi direnak (%46,6). Gainerakoak erabiltzeko lagatako etxebizitzetan bizi dira (%3,3).

Emantzipatutako gazteak bizi diren etxebizitzak batez ere erabilitako etxebizitzak dira (%83), 42 urteko antzinatasuna eta 77 metro karratuko azalera dutenak, batez beste. Etxebizitza horietan, batez beste, 3 lagun bizi dira (2,9, zehazki; gehienak bikoteak, seme-alabekin edo gabe).

Adinak ere oztopatzen du eskuratzen den etxebizitza motan. Hala, 30-34 urte bitarteko pertsona emantzipatuen etxebizitzek, oro har, prestazio gehiago dituzte 30 urtetik beherako pertsona emantzipatuak bizi diren etxebizitzek baino. Izan ere, 30-34 urte bitarteko pertsona emantzipatuen %74,8 igogailua duen etxebizitza batean bizi dira (30 urtetik beherako gazte emantzipatuen % 69,6ren aldean), %49,9k trastelekua dutenetan (30 urtetik beherakoen %31,7ren aldean) eta %41,3k garajea dutenetan (30 urtetik beherako pertsona emantzipatuen artean, berriz, %19,9k baino ez dute garajea).

Emantzipatu gabeko gazteen etxebizitza-beharra

Txosten horri bide eman dion inkestan, emantzipatu gabeko hiru gaztetik batek adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoan beharko lukeela etxebizitza. Etxebizitza-behar hori areagotu egiten da adinak gora egin ahala. Izan ere, 18 eta 24 urte bitartekoen artean, %19,5ek diote Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitza bat behar dutela; ehuneko hori % 46,6ra igotzen da 25 eta 29 urte bitartekoen artean. 30 eta 34 urte bitartekoen artean, berriz, erdiak baino gehiagok (%52,9) diote etxebizitza bat eskuratu beharko luketela.

Etxebizitza-beharra duten gazteen herenek uste dute bi urteko epean emantzipatzeko aukera izan dezaketela (%34,6). Adinean gora egin ahala, bi urteko epean etxebizitza eskuratzeko aukera dutela uste dutenen ehunekoa ere igo da: %24,2 18 eta 24 urte bitartekoen artean; % 5,7, 25 eta 29 urte bitartekoen artean; eta ia erdiak, 30 eta 34 urte bitartekoen artean (%46,4).

Lehentasunei buruz galdetuta (eta errealistak izan daitezela eta aukera ekonomikoak kontuan har ditzatela eskatuz), etxebizitza-beharra dutenen artean, hura erostea hautatuko luketen pertsona emantzipatu gabeak (%34,9) bezainbeste dira etxebizitza alokatuko luketenak (%36,8). Hemen ere, adinean gora egin ahala, erosteari ematen zaio lehentasuna.

Nabarmendu behar da, 2015. urtearekin alderatuta, erostearen alde egingo luketen gazteen ehunekoak gora egin duela (%21,1etik %34,9ra). Aldiz, nabarmen jaitsi da erosteko aukera ematen duen alokairuaren formularen alde egingo luketenen ehunekoa (%21,1 2015ean eta % 3,9 2019an).