Barakaldo Kirolak-eko zuzendaritza aldatu du Udalak

0

Zuzendari berria izango du hemendik aurrera Barakaldo Kirolak-ek. Erakunde autonomoaren oraingo zuzendari Rubén Buenoren ordez Jone Arruza arituko da karguan, aspalditik erakundearen teknikaria eta hiria bezala kirol eragile barakaldarrak ongi baino hobeki ezagutzen dituena. Bestelako kirol kudeaketa eredu bat – kirol munduak aurre egin beharreko erronkei ekingo diena, alegia -martxan jartzeko egin da aldaketa.

Barakaldoko Kirola-eko zuzendari berria irakaslea eta prestatzaile fisikoa da, bai eta  kirol kudeatzailea ere, 1992tik. 2017an sartu zen Barakaldo Kirolak-eko staffean, kirol teknikari gisa, eta orain arte, eskola-kirola eta kirol federatua kudeatzeaz arduratu da.

Bere gaitasunen artean nabarmentzen dira irakaskuntza-, ikaskuntza- eta ebaluazio-estrategiak menderatzea; gorputz-hezkuntzako programak diseinatzea, ezartzea, gauzatzea eta ebaluatzea eta/edo kirol-entrenamendua planifikatzea ikasleen edo kirolarien beharren arabera; informazioaren eta komunikazioaren teknologiak maneiatzea; komunikazioa eta harremana ikasleekin, familiekin, kirol-federazioekin eta erakundeekin; ikasleen eta kirolarien egoera gatazkatsuak hautematea, prebenitzea eta konpontzea, komunikazio asertiboa erabiliz eta  ikasleen ahalmenak aprobetxatuz,  eta hezkuntza- eta kirol-materialak prestatzea eta diseinatzea, eta lidergoa eta arazoak konpontzeko gaitasuna.

Eskerrak ematen dizkio Udalak Rubén Buenori  2019tik Barakaldo Kirolak-eko zuzendari gisa egindako lanagatik. Aldaketaren erabakia alkateak berak hartu du, Barakaldo Kirolak-eko estatutuek ematen dizkioten eskumenak baliatuz.

Sakona da Barakaldo Kirolak-eko zuzendari berriak erakunde autonomoan jasotako eskarmentua, eta ongi ezagutzen ditu bai hiriko kirol agenteak, bai datozen urteotan aurrez aurre izango dituen erronkak: kirola kirol arlora soilik ez mugatzea, kirol-eremua kulturartekoagoa eta kirol-jardunean askotarikoagoa den herritarrari egokitzea, kirol-eragileekiko harremanak hobetzea, euskara sustatzea eta kirol-instalazioak herritarren behar eta eskaera berrietara eta indarrean diren arauetara egokitzea.