Burtzeñan bideozaintzako hiru kamera jarriko dira

0

Barakaldoko Herritarren Segurtasuneko eta Babes Zibileko zinegotzi Ángel Madrazok gaur iragarri du bideozaintzako hiru kamera jarriko dituztela Burtzeñako irailaren zortzia kalean. Neurriak erantzuna ematen dio auzo horretako bizilagunek azken boladan Udalari eskatzen diotenari, inguru horretatik igarotzen diren pertsonei segurtasun-sentsazio handiagoa emango dieten neurriak ezar daitezen.

«Burtzeñako bizilagunekin eta ikastetxeko ikasleekin izan ditugun bileretan jakinarazi digute ez direla erabat seguru sentitzen kale horretatik ibiltzean. Gaur egun kontserbazio-egoera onean ez dagoen eta hiri-birgaitze sakona egiteko zain dagoen eremu batez ari gara «, azaldu du Madrazok prentsaurrekoan.

Herritarren Segurtasuneko eta Babes Zibileko zinegotziak gogorarazi duenez, kamerek disuasio-efektua dute delitugileentzat, eta, aldi berean, delitu bat eginez gero, froga gisa balio dute epaile baten aurrean. Hala ere, kamerak jartzeak ez du esan nahi Udaltzaingoa ordezkatuko dela. «Bideozaintza poliziaren presentziaren osagarria da. Bi gauza horiek konbinatuta, auzoan segurtasun-sentsazioa areagotzea espero dugu «, azaldu du.

Burtzeñan bideozaintza instalatzeko kontratuaren balioa 15.000 euro ingurukoa da.  Jarduketaren barruan sartzen da kamerak kableatu, jarri eta martxan jartzea, bai eta kamerak Udaltzaingoaren komisariako transmisio-aretotik ikusteko behar diren antenak eta elementuak instalatzea ere.

«Komisariako transmisio-aretoan duela gutxi egindako berrikuntzan, monitore handiak jarri dira postu horretako agenteek bideokamerek zaindutako eremuak hobeto kontrolatu ahal izateko», adierazi du Madrazok.