EGOk, Eneko Sagardoy eta Jone Martínez bidelagun dituelarik, Beethoveni eskainitako egitarau bati egingo dio aurre

0
  • “Heroiak” izenburupean, EGOk bat egingo du neguko topaketan Beethovenen urteurreneko ospakizunekin
  • Musika arloko agente nagusienekin lankidetza indartzeko asmoaren baitan, oraingoan, EIOko (Euskal Ikasleen Orkestra) bost musikari gonbidatu ditu topaketan parte hartzeko

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea EGO Euskal Herriko Gazte Orkestraren neguko topaketaren aurkezpenean izan da gaur. EGOk, abenduaren 26tik urtarrilaren 5a bitartean, 46 musikari gazte eta izen handiko sei irakasle elkartuko ditu, oraingoan, Musikenen (Donostia) egingo den neguko topaketarako. Denbora honetan zehar, musikari gazteek egitarau zorrotz bati egingo diote aurre, ondoren eskainiko duen birako errepertorioa lantze aldera. Kontzertu bira urtarrilaren 2an abiatuko da Donostian (Kursaal), urtarrilak 3an Gasteizen (Principal Antzokia) eskainiko du hurrengo kontzertua, urtarrilaren 4an Bilbon egingo du bere agerraldia  (Euskalduna) eta Getxon (Muxikebarri) emango dio amaiera urtarrilaren 5an goizean eskainiko duen kontzertuarekin.

Orkestra gazteak bat egingo du Beethovenen 250.urteurrenaren ospakizunekin, konpositoreari eskainitako egitaraua eskainiz. Rubén Gimenor zuzendari artistikoaren  hitzetan “Beethoven, dudarik gabe, musikaren historiako giltzarrietako bat da eta alde teknikotik begiratuta aldiz,  ezinbesteko garrantzia du neguko topaketan zehar gazte orkestrarekin burutuko dugun lanean, aipatu konpositorearen musikak”

Bohn-eko jeinuaren adierazgarri diren bi obra izango dira topaketaren bukaerako kontzertu biraren protagonista. Gauzak honela , abandonatzearen eta traizioari buruz ari den soprano eta orkestrarako “Ah perfido” aria eta eszena eta “Egmont” epikoa izango dira, “heroiak” titulupean, egitarau honen ardatza.

Lan hori gauzatzeko, izen handiko irakasleekin arituko dira. Horietako batzuk euskal talde nagusietatik datoz, Euskadiko Orkestratik eta Bilbao Orkestra Sinfonikotik, eta beste hainbat erakunde eta talde ezagunetakoek ere hartuko dute parte: Gran Teatre del Liceu, London Symphony, Vienako Orkestra Filarmonikoa eta baita Musikeneko egungo hainbat irakasle.

Luxuzko gonbidatuak

Jone Martínez soprano gazteak eta Eneko Sagardoy aktoreak bat egingo dute lehenengoz EGOrekin  eta soprano eta narratzaile lanetan arituko dira, hurrenez-hurren.

Jone Martínez-ek amaitu berri ditu Musika Lengoaiaren Pedagogian eta Musika Hezkuntzako ikasketak  Musikenen, eta baita ere ahots ikasketak Maite Arruabarrena  eta Maciej Pikulskirekin. Era berean, Carlos Menarekin osatu ditu ikasketa, zeinarekin antzinako musikan espezializatzen den. Musika jaialdi nahiz ziklo garrantzitsuetan aritzen da.

Eneko Sagardoy etorkizun handiko euskal aktore gazteak, Goya Saria jaso zuen, errebelazio aktore onenari. 2020an, beste proiektu askoren artean, Sagardoyk, HBOren “Patria” telesailean parte hartu du eta baita ETBren “Hondar ahoan” telesailean ere.

Passion for music

Neguko topaketan, udako topaketaren antzera, “PASSION FOR MUSIC” izeneko ekintza paraleloekin osatuko da jarduera. Beste batzuen artean, Real Sociedad de Fútbol-eko coach den Imanol Ibarrondoren eskutik, autokonfiantza, antsietatearen kudeaketa, beldur eszenikoa eta kirol-ekintzari zuzenean lotuta dauden beste arlo batzuek landuko dira motibazio-hitzaldi batean.  Aspektu guzti hauek baliagarriak dira baita ere musika-jarduerarako eta modu zehatzagoan, orkestra-jarduerarako.

EGO (Euskal Herriko Gazte Orkestra) 1997an sortu zuela Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, izaera estrategikoko proiektu bezala, lurraldeko musikari gazteei zuzenduta, eta hasieratik izan du BBK, Kutxa eta Vital Fundazioen babesa.

KONTZERTU -EGITARAUA

“HEROIAK” L.V. BEETHOVENen 250 URTEURRENA (1770 – 1827)
AH PERFIDO! SOPRANO ETA ORKESTRARAKO ESZENA ETA ARIA OP. 65
EGMONT MUSIKA INTZIDENTALA OP.84

Jone Martínez, sopranoa
Eneko Sagardoy, narratzailea
Rubén Gimeno, zuzendaria

KONTZERTU BIRA

Urtarrilak 2. Kursaal. Donostia – San Sebastián. 19:00

Urtarrilak 3. Teatro Principal. Vitoria- Gasteiz. 19:00

Urtarrilak 4. Euskalduna. Bilbao. 19:00

Urtarrilak 5. Muxikebarri. Getxo. 12:00

Sarreren salmenta eskuragarri dago antzoki eta auditorioetako web guneetan, nahiz www.egofundazioa.eus helbidean