Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2 milioi eurorekin lagundu ditu euskal industriarako ingurumen-hobekuntzako 66 proiektu

0
  • Guztira 53 enpresa dira –ETEak gehienak–, eta laguntzak jasoko dituzte ingurumena babesteko eta ekonomia zirkularra sustatzeko inbertsioak egiteko
  • Enpresen eta administrazioaren arteko lankidetza publiko-pribatu horrek airearen, uraren eta lurzoruen kalitatean ingurumen-hobekuntzak bultzatzen ditu eta klima-aldaketaren ondorioak geldiarazten laguntzen du

53 enpresaren –ETEak gehienak– 66 proiektu hautatu dira euskal enpresentzako ingurumena babesteko inbertsioak egiteko ingurumen-dirulaguntzen programaren 2020ko urteko deialdian. Aurten, programak 2 milioi euro baliatuko ditu, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatzen du.

Aurtengo deialdian, laguntzak eman dira indarrean dagoen araudian jasotako ingurumen-eskakizunak gainditzeko bideratutako inbertsioak eta ekoberrikuntza-ekintzetako inbertsioak bultzatzeko. Era berean, azken deialdietan bezala, eskaerak baloratzeko irizpideen artean sartu dira emakumea lan-sektorean sartzea errazten duten jarduketak eta enpresa eskatzaileek genero-berdintasunean aurrera egiteko abian jarritako plan eta programak.

Enpresek aurkeztutako eskaeretako askok dokumentazioa –esaterako, eskaintzak, aurrekontuak edo lankidetza-akordioak– aurkeztu dute bermatzeko inbertsio gehienak EAEko eremu geografikoan sortutako eta fabrikatutako zerbitzu, ekipamendu, material eta instalazioetan egingo direla; horrek euskal industria-jarduera zeharka indartu eta bultzatuko du.

Jarduketa nagusiak

Laguntzak bi modalitatetan ematen dira: 1.110.000 euro prozedura arruntaren bidez esleitutako proiektuei esleitzen zaizkie, eta gainerako 890.000 euroak prozedura sinplifikatuaren bidez esleitutako proiektuei.

Prozedura arruntaren arabera aurkeztutako eskaerak aztertu eta baloratu ondoren, 34 enpresak aurkeztutako 39 proiektu diruz laguntzea ebatzi da. Proiektu horiek gauzatzeko 10 milioi eurotik gorako inbertsio garbia egiten da guztira. Azpimarratu behar da modalitate honetan diruz lagundutako enpresen erdia gutxi gorabehera ETEak direla.

Gaikako banaketari dagokionez:

  • Diruz lagundutako proiektuen % 49 hondakinak minimizatzearekin edo ezabatzearekin eta ekonomia zirkularra sustatzearekin lotuta daude
  • % 28 airearen kutsadurari buruzko proiektuak dira
  • % 10 lurzoru kutsatuak berreskuratzeko proiektuak dira
  • % 8 uren kutsadurarekin edo uraren baliabidea aprobetxatzearekin lotuta daude
  • Eta gainerako % 5a ingurumen-azterlanen eta usain-isurien minimizazioarekin lotutako proiektuen artean banatzen da

Horrez gain, laguntzak eman zaizkie beste 22 euskal enpresari beste 27 proiektu egiteko, prozedura sinplifikatuaren arabera, ETEentzako ingurumenari buruzko aholkularitza-zerbitzuen kanpo-kostuak finantzatzeko inbertsioak gauzatzeko.

Zehazkiago, hiru proiektu diruz lagundu dira EMAS Ingurumen Kudeaketako Europako Sistemaren Erregistroan inskribatzearekin lotuta; beste hiru proiektu Ekodiseinuaren UNE-EN ISO 14006:11 araua ezartzeari eta ziurtapena lortzeari begira; ekoetiketen inguruko proiektu bat; eta ingurumen-adierazpenak egiaztatzeko beste proiektu bat.

Proiektu horiei guztiei beste zortzi proiektu gehitu zaizkie lurzoruen saneamenduarekin lotuta; beste sei lurraren kalitatea ikertzeko; eta beste bi lurrean aurkitutako hondakinak garbitu, kendu eta kudeatzeko zerbitzuekin lotuta.

Diruz lagundutako hiru proiektuk aukera emango dute erabiltzen ez diren ibilgailuek sortutako hondakin-mota desberdinak birmanufakturatzeko, desmihiztatzeko eta azkar eta efizientziaz deskontaminatzeko ekipamenduak eta makineria erosteko inbertsioak egiteko. Horrez gain, bestelako hondakin-mota batzuk balorizatu ahal izateko beste hiru proiektu ere diruz lagunduko dira.

Bestalde, hiru proiekturi lagundu zaie gai hauei buruzko ingurumen-azterlanak egiteko: kobrezko zepetarako erabilerak balioztatzea; konposatu organiko lurrunkorrak desagerrarazteko maskara komertzialen erabilera; eta hondakinak balorizatzeko instalazioei buruzko Europako araudiari aurre hartzea.

Azkenik, zerrenda osatzen dute isuri lausoak eta CO2 isuriak gutxiagotzeko ekipamenduetan inbertitzera bideratutako bi proiektuk.

Ingurumen-onurak

Enpresen eta administrazioaren arteko lankidetza publiko-pribatu horren bidez, airearen, uraren eta lurzoruen kalitatean ingurumen-hobekuntzak bultzatzen dira, ingurumen-baldintzak eta herritarren osasuna bultzatuz eta klima-aldaketaren ondorioak geldiarazten lagunduz.

Deialdi honetan diruz lagundutako proiektuetatik espero diren ingurumen-onurak:

  • Atmosferara isuritako gas kutsatzaileen isuriak kopuru hauetan murriztuko dira: 280 tona isuri lauso; 38 tona konposatu organiko lurrunkor; 2 tona nikel; 39 tona NOx; 21 tona CO; 1 tona SO2; eta 16.000 tona CO2 baino gehiago.
  • 785 tona inguru hondakin arriskutsu ez sortzea (hondakin metaliko kutsatuak, azido sulfhidrikoa, lohiak, xurgatzaileak, aluminioa, bromoa…); 32.792 tona industria-hondakin ez-arriskutsu murriztea (herdoil-azala, zerrautsa, hareak, plastikoak, olioak, etab.); eta 78.373 tona industria-hondakin ez-arriskutsu (disoluzioak, kobrea, beste metal batzuk, errautsak, BEIko zepak…) eta 85.770 tona eraikuntza- eta eraispen-hondakin birziklatzea edo errebalorizatzea.
  • Urtean 46.598,2 m3 ur aurreztea.
  • Atmosferako usain-kontzentrazioa 6.917 usain-unitate/m3
  • Gaur egun kutsatuta edo alteratuta dauden lurzoruen ingurumen-berreskuratzea.

EHAAn argitaratutako ebazpena: https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/Azkena.shtml