Javier Hurtado sailburua: “Enogastronomia lehiarako abantaila da eta eskaintza osagarria Euskadiko turismorako”

0

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak inauguratu du Arabako Errioxako Enoturismo Foroaren X. edizioa. Gaur eta bihar, Guardiako Villa Lucia Espazio Gastronomikoan egingo den foroan, sektore turistikoaren eta, zehazki, enoturismoaren bilakaera aztertuko da, betiere COVID-19aren pandemiak bizkortu duen mailaz mailako transformazio-prozesu batean.

Inaugurazio-ekitaldian, Hurtado sailburuak eskerrak eman dizkio Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideari, pandemiak planteatzen duenaren moduko inguruabar zail honetan enoturismo-foro bat antolatzeagatik; izatez, inguruabar horiek euskal enoturismoaren etorkizunean dute eragina, egoera horren gainetik. “Enoturismo Foroak, urte hauetan, unean une turismo-kudeaketaren jardunbide onak islatzen zituzten edukiak edo joerak jorratu ditu, batez ere enogastronomiarekin lotutakoak. Izatez, enoturismoak lotura zuzena du gastronomiarekin, hau da, Euskadiko turismoaren bereizgarrietako batekin.

Javier Hurtadok gogorarazi duenez, turistek Euskadi bisitatzeko duten motibazio nagusia gastronomiarekin eta ardoarekin lotutakoa da; eta enogastronomia ez da nabarmentzen soilik bisiten lehen sortzailea izateagatik, baizik eta turismoa erakartzeko duen alderdi bikoitzagatik. “Batetik, beste eskaintza lehiakorrez bereizten da, eta, bestetik, kalitatezko eskaintza osagarri ezin hobea da beste edozein aisialdi- edo negozio-motibazio nagusia duten bisitarientzat”.

Ildo horretan, sailburuak nabarmendu du funtsezkoa dela enogastronomiaren aldeko apustua egiten duten proiektuak bultzatzea, hala nola Arabako Errioxako Enoturismoko Foroa, bisitarien motibazio nagusietako bat den heinean. “Arabako Errioxa prest dago foro honetan planteatzen diren erronketako askori aurre egiteko: berrikuntzari eta digitalizazioari. Izan ere, duela urte batzuk ere prest egon zen funtsezko aldaketa bat hasi zenean: upategiak industria bisitagarri bihurtu zirenean. Horrekin, Arabako Errioxa erreferentziazko helmuga enoturistiko bihurtu zen”.

Azkenik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak adierazi du enoturismoko baliabideak bizipen berezi eta paregabe bihurtu behar direla, turistaren esperientzia hobetu behar dela eta Euskadi eta Arabako Errioxa kalitatezko enoturismo-helmuga nagusi gisa mantendu behar direla. “Eta hori guztia posible izango da —adierazi du— zuen lanbidearekiko maitasunak bultzatuta egunero lan egiten duzuen profesionalei esker, beti hobekuntza eta ideiak bateratzea bilatzen duzuen profesionalei esker. Izatez, Arabako Errioxako esperientzia ondoen dakizuen moduan transmititu nahi duzue: bertako esperientzia biziz. Horregatik, eskerrik asko egin duzuen lanagatik, are gehiago aurten izan ditugun inguruabarrak kontuan hartuta”.