Lehiaren Euskal Agintaritzak ASCOM 2020 Saria jaso du, Compliance programak hedatzen egin duen lanarengatik

0

Asociación Española de Compliance (ASCOM) elkarteak Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) etikaren, gobernu onaren eta lehiako arauak betetzearen alde egiten duen lana aintzatetsi du gaur, erakunde-kategoriako ASCOM 2020 Saria emanez.

ASCOM 2020 Sariek pertsonek eta erakundeek compliance funtzioa profesionalizatzeko, hedatzeko eta sendotzeko egindako ahalegina aintzatesten dute. Sari hori emateko, Asociación Española de Compliance Elkarteak (ASCOM) LEA/AVCk arlo horretan gauzatutako ekintzak izan ditu kontuan.

Alde batetik, lehiaren arloko compliance kultura zabaltzeko lan handia egin izana, hainbat jardunaldi eta hitzaldi antolatzearen eta horietan parte hartzearen bidez, baita hainbat argitalpenen bidez ere. Horien artean 2019ko “Lehiaren arloko Compliance gida” azpimarratu behar da, diziplina horri buruz Estatuan egin den lehenengoa.

Halaber, lehiaren arloko compliance kudeaketa-sistemen estandar bat egiteko LEA/AVCk erakunde sustatzaile gisa Asociación Española de Normalización (UNE) izenekoaren aurrean egindako lana baloratu du ASCOMek. Ekimen horren helburua enpresak bete behar dituzten programetan lehiaren aldagaia txertatzea da, gobernu ona eta merkatuen funtzionamendu eraginkorragoa eta bidezkoagoa bultzatuz.