Bizkaiak eskualdeko lehiakortasun-estrategia berritu du

0

Bizkaiko Foru Aldundiak ahalegin eta inbertsio handiagoa egingo du lurraldearentzako eskualdeko lehiakortasun-estrategian. Ekimena duela 4 urte sortu zen, Bizkaiko eremu guztiek lehiakortasunaren arloan dituzten ahuleziak eta aukerak diagnostikatzeko eta ezagutzeko lehiakortasun-foro gisa, eta ordutik hazi egin da eragile publiko eta pribatuen eta lurraldeko eskualde eta zonalde desberdinen arteko lankidetza-eredu berritzaile bihurtuz.

Gaur goizean BECen topaketa bat egin dute parte-hartzaileek, proiektua birdimentsionatzeko eta helburu berriak finkatzeko. Izena aldatuz estrategiari Bizkaia Orekan Sakonduz deritzo eta, orain, Bizkaiko tokiko eta eskualdeko garapen-agentziekin sarean lan egitearen potentzialean jartzen du arreta, berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta ekintzailetza aurreratuaren bidez enpresa-sarearen lehiakortasuna bultzatu eta sustatuko duten ekimenak bultzatzeko.

Estrategia berriaren aurkezpenean Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusia, eta Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko diputatua, izan dira. Biek ala biek agerian utzi dute foru erakundeak konpromisoa duela Bizkaia ekonomiaren arloan modu orekatu eta kohesionatuan garatzeko, eta helburu horretan funtsezkoa dela udalekin eta eskualdeekin lankidetzan aritzea.

Unai Rementeriak orain arte egindako lana goraipatu du eta epe ertain eta luzerako begirada behar duen proiektu baten fruituetan duen konfiantza agertu du. Prozesu honi esker hobeto ezagutzen dugu elkar, geure artean gehiago hitz egin dugu eta harreman handiagoa dugu. Horregatik bakarrik merezi du bidaia honek. Pazientzia eta lana eskatzen dizuet, hau epe ertain eta luzerako proiektua delako, benetako proiektua delako. 2020an ia milioi bat euro eta 2021ean munta horren halako bikoa baino gehiago, 2,4 milioi euro. Irauteko asmoa du, aukera-berdintasuna gizarte moderno guztien, lurralde guztien giltzarrietako bat delako. Eta Bizkaiak oso argi dauka. Edo elkarrekin goaz edo ez du zentzurik. Eta ematen ditugun urrats guztiek berdintasun hori indartu nahi dute: banda zabala lurralde osora hedatzearen aldeko apustua; garraio publikoaren eredu iraunkorrago baten aldeko apustua eta gizarte-arretako sistema modernizatzearen aldeko apustua. Toki mailako ekintzak dira, kolektibo gisa, gizarte gisa indartsuagoak eta hobeak egiten gaituztenak. Hurbiltasunaren eta entzute aktiboaren balioa da, udalekin eta eskualdeekin, pertsonekin eta enpresekin. Eta hori guztia da Bizkaia Orekan Sakonduz, azaldu du Rementeriak.

Bere aldetik, Ainara Basurkok ekimenaren lehen urteen balantze positiboa egin du. Bizkaia Orekan proiektuak orain lau urte, lehiakortasun sendoa, jasangarria eta lurraldeari dagokionez orekatua eraikitzeko estrategia gisa diseinatu zenean, planteatutako helburuetako asko bete ditu. Lau urte hauetan elkarlanean aritzeko eta elkarrekin hazteko ikuspegi eta modu berriak barneratu ditugu. Lau urte hauetan Bizkaia Orekan estrategia esperimentazio-laborategia izan da, eta fase berri batera ekarri gaitu, laburbildu du.

Eskualde-garapena

Eskualde-garapenak garrantzi handia hartu du Ekonomia Sustatzeko Sailean, eta 2021ean 2,4 milioi euro erabiliko dira Bizkaia Orekan Sakonduz eskualde-estrategia garatzen jarraitzeko. Eskualde-orekaren inguruko ahaleginen ardatzetako bat da, eta eskualdeetako eragileekin lankidetzan aritzea du helburu, Bizkaiko enpresak hobeto ezagutzeko eta enpresa horiengana hurbiltzeko.

2,4 milioi euroko partida industrialdeak mantentzeko laguntzen dekretuan, eskualde-erronkak garatzeko eta eskualde-egiturak indartzeko dekretuan eta ekimen berezien laguntzan banatzen da.