Hernanin atxilotu dute indarkeria erabiliz lapurreta egiteagatik, legearen aurkako atxiloketagatik eta lesioak eragiteagatik

0

Aurrera jarraitzen dute gainerako delitugileak identifikatzeko ikerketek

Ertzaintzak urriaren 15ean, astearte goizean, indarkeria erabiliz egindako lapurreta baten egileetako bat atxilotu du. Dirudienez, hiru gizon sartu ziren biktima, adineko gizona, bizi den Hernaniko auzo batean dagoen borda batean. Ikerketaren arabera, lapurrek burua estali zioten eta jo egin zuten, eta, ondoren, dokumentazioa, telefono mugikorra eta bankuko libretak kendu zizkioten. Gizona eskuak eta hankak lotuta utzi zuten borda barruan, eta auto batean ihes egin zuten. Indarkeria erabiliz lapurreta egin ondoren, delitugileetako bi banketxe batetik dirua ateratzen saiatu ziren lapurtutako libretetako bat erabiliz. Susmagarria biharamunean atxilotu zuten, lapurretan inplikatutako ibilgailua gidatzen ari zenean. Arrastatuari indarkeria erabiliz lapurreta egitea, legearen aurkako atxiloketa eta lesioak eragitea leporatu dizkiote, eta datozen orduotan jarriko dute agintari judizialaren eskuetan.

Joan den asteartean hiru gizon sartu ziren Hernaniko auzo batean dagoen eta laurogeitaka urte dituen gizon bat bakarrik bizi den borda batean. Biktima ustekabean harrapatu zuen hiru gizonen erasoak, eta lepotik heldu ondoren buruan manta bat jarri zioten ezagutu ez zitzan. Gero, gorputz guztian kolpeak eman zizkioten ukabilekin eta objektu gogor batekin. Dokumentazio pertsonala, telefono mugikorra, autoaren giltzak eta bankuko bi libreta kendu ondoren, auto batean ihes egin zuten, eta biktima eskuak eta hankak lotuta utzi zuten.

Gizonak lokarriak askatu eta laguntza eskatu ahal izan zuen, eta osasun-zentro batean artatu behar izan zizkioten zauriak. Horrez gainera, jakin zuen dirua ateratzen saiatu zirela, bere libretetako bat erabiliz, Urnietako banketxe batean.

Hernaniko Ertzain-etxea egin zen ikerketaren kargu Urnietako Udaltzaingoarekin elkarlanean, eta hiru gizonak identifikatzeko, aurkitzeko eta atxilotzeko kudeaketak hasi zituzten. Horrela, lankidetza horri esker, horietako bat identifikatu ahal izan zuten.

Biharamunean, asteazkenean, adierazitako Ertzain-etxera atxikitako ertzainek Hernanin aurkitu zuten identifikatutako gizona, lapurretan erabilitako ibilgailua gidatzen ari zela, eta indarkeria erabiliz lapurreta egitea, legearen aurkako atxiloketa, lesioak eragitea eta iruzur egiten ahalegintzea leporatuta atxilotu zuten. Gizona polizia-egoitzara eraman zuten epailearen esku jarri aurretik.

Bien bitartean, kasuaz arduratzen ari diren agenteek ikertzen jarraitzen dute beste bi gizonak atxilotzeko.