Jokin Bildarratz sailburuaren balorazioa, 2020-2021 ikasturteko lehen hiruhilekoaz

0
PRUEBA
  • Bildarratz sailburuak hezkuntza-komunitatea eskertu du, irakasle eta zuzendaritza taldeak bereziki, ikasturteko lehen hiruhilekoan erakutsitako ahalegin eta inplikazioagatik
  • “Zuk paso, berak eraso” leloarekin eta gazteei zuzendurik, Hezkuntza Sailak sentsibilizazio bideo batzuk osatu ditu; koronabirusari aurre egiteko banakako portaerak duen garrantzia nabarmentzen dute bideoek

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosa sailburuordearekin batera, 2020-2021 ikasturteko lehen hiruhilekoaren balorazioa egin du gaur goizean. Ikasturte hau, izan ere, Covid-19k eragindako pandemiaren testuinguruan eta horri aurre egiteko prebentzio-neurri guztiekin ari baita garatzen.

Jokin Bildarratzek hezkuntza-komunitate osoa zorionduz ekin dio balorazioari; izan ere, gizarte osoari eragiten dion egoera zail honetan, hezkuntza aurrera ateratzen ari da, eragile guztien lanari esker.

Hori dela eta, sailburuak nabarmendu du beharrezkoa dela ikasturteko lehen hiruhilekoa balioan jartzea, eta pozik agertu da uda amaieran egiten ziren aurreikuspenik ezkorrenak betetzen ari ez direlako.

Gogorarazi du, horrez gain, ikasturtearen hasiera mailakatua izan zela, etapaka (Haur eta Lehen Hezkuntzako etapak irailaren 7an hasi ziren, eta ikasle nagusiagoak, berriz, egun batzuk geroago), eta Hezkuntza Sailak koronabirusaren aurrean jarduteko Protokolo Orokorra egin zuela joan den ekainean. Protokolo hori osatu egin zen ondoren, eta eguneratu aldian aldian, eta horietan oinarrituta zentro bakoitzak bere Kontingentzia Plana egin ahal izan du, nork bere ezaugarrien arabera.

Kontratu gehigarriak

Hezkuntza Sailak kontratazio gehigarriak egin ditu 2020-2021 ikasturte honetan, Covid-19ren eraginez. Sare publikoan, ikastetxeak indartu egin dira 1.064 irakasle gehiagorekin; eta beste 1.150 profesional gehigarri kontratatu dira jantokietarako, sukaldeetarako eta garbiketarako. Gainera, Hezkuntza Sailak 36,6 milioi euroko partida bat ere bideratu du itunpeko ikastetxeentzat, pandemia-egoeratik eratorritako behar horien finantzazioari aurre egiteko.

Datuen bilakaera*

Koronabirusaren intzidentzia-datuek ikastetxeetan izan duten bilakaerari dagokionez, nabarmentzekoa da eskola-jarduera presentziala eten behar izan zuen gela-kopuru handiena irailaren lehen asteetan izan zela: irailaren 25ean, 280 gela zeuden itxita, hau da, ikasturte honetan Euskadin dauden 17.554 geletatik %1,59 (2 urtetik Batxilergora eta Lanbide Heziketara bitarteko mailetan).

Ondorengo asteetan, intzidentzia-datuak jaisten hasi ziren, eta egonkortasunerako nolabaiteko joera erakusten hasi ziren. Koroabirusak itxitako gelen ehunekorik txikienak, berriz, abenduaren 14ko aste honetan bertan erregistratu dira: abenduaren 16an itxitako gelen portzentajea %0,35ekoa izan da.

Bildarratz sailburuak datu horien atzean dagoen milaka lagunen lan eskerga azpimarratu nahi izan du. Ildo horretan, eskerrak eman dizkie irakasleei eta ikastetxeetako zuzendaritza-taldeei, Hezkuntza Saileko ikuskatzaileei eta baita familiei ere, erakusten ari diren inplikazio handiagatik. Bildarratzek nabarmendu du, horiei guztiei esker, ageriko gelditzen ari dela ikastetxeak gune seguruak direla.

“Zuk paso, berak eraso”

Hala ere, eta Covid-19aren aurrean lasaitzerik ez delako inola ere komeni, Hezkuntza Sailak sentsibilizaziorako bi bideo aurkeztu ditu gaur, «Zuk paso, berak eraso» lelopean eta gazteriari zuzenduak. Dagoeneko sare sozialen bidez eta Interneteko atarietan mugitzen ari dira bideo hauek.

Gazteengandik hurbilago dagoen hizkera erabiliz eta estilo informalago batean, koronabirusari aurre egiteko banakako portaerak duen garrantzia gogorarazten duten bideoak dira. Ildo horretan, Hezkuntza sailburuak Gabonetako oporraldian ikasturteko lehen hiruhilekoan izandako jokabide arduratsu bera izaten jarraitzeko deia egin du, oporren ostean ere ikasturteak aurrera egin dezan, orain arte bezala.

*Ikus atxikitako grafikoak