Emakumeen IV. Mundu Konferentziaren 25. urteurrena ospatu du Eusko Jaurlaritzak Pekinera joandako euskal emakumeak omenduz

0
  • Emakundek elkarte, mugimendu feminista, komunikabide eta erakundeetako euskal emakumeen ordezkaritza bat bultzatu zuen 1995ean
  • Garai hartako aitzindariak berdintasuna bultzatzen jarraitzen duten emakume gazteekin bildu dira ekitaldian
  • Hitzorduak NBE Emakumeak erakundeak bultzatutako “Generation Equality” ekimenaren berri emateko balio izan du. Euskadik 2021ean parte hartuko du ekimen horretan

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru zelarik, gaur goizean Beijingo Emakumeen IV. Mundu Konferentziaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldia ospatu da. Bertan, Eusko Jaurlaritzak 1995ean Pekineko bilkura hartara bidaiatu zuten euskal emakumeei omenaldia egin nahi izan die. Emakundek duela 25 urte bultzatutako ordezkaritzan parte hartu zuten emakume aitzindarietako hamaika izan dira ekitaldian. Elkarte, mugimendu feminista, komunikabide eta erakundeetako emakumeak izan ziren, munduko berdintasun-politiketarako mugarria izan zen hitzordu historiko batean egon nahi izan zutenak. Gaur goizeko ekitaldian emakume gazteen ordezkaritza batek ere parte hartu du, emakumeen eskubideen aldeko borrokaren ondarearen belaunaldiz belaunaldiko transmisioa sinbolizatzeko.

Lehendakariak Beijing-era joan ziren emakumeen izaera aitzindaria azpimarratu du: «Etorkizun hobea imajinatu zuten orduan haurrak zirenentzat eta oraindik jaio ere egin ez ziren belaunaldientzat». Gizarteari egindako ekarpena eskertu du, izan ere, adierazi duenez, «berdintasuna bultzatuz emakumeen belaunaldi oso batek duela hamarkada batzuk egindako lanik gabe, gaur egun ezingo genuke hitz egin berdintasun-planez, berdintasunerako lege batez, genero-eraginari buruzko txostenez edo erakunde arteko eta sailen arteko berdintasun batzordeez». Lehendakariak hala adierazi die omenduei: «Zuen begiradatik begirada berriak sortu dira, eta, horiei esker, berdintasuna agenda politikoetan, testuetan, eskoletan, legeetan, hizkuntzan edo estatistiketan sartu da». Urkulluk, halaber, mezu bat helarazi die gazteei, emakume horien lanaren eta dedikazioaren lekukoa har dezaten.

Bestalde, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak ekitaldian parte hartu duten emakume nagusi eta gazteei esan die kate bereko kide direla, berdintasunaren kateko kide, eta kate hori bultzatzen jarraitu behar dela. Beijingen adostutakoaren garrantzia azpimarratu du sailburuak, izan ere, «emakumeen ahalduntzea berdintasun politika guztietan sartu beharreko estrategia bihurtu zen bertan». Artolazabalek, gainera, Beijingek «politika guztietan eta maila guztietan genero-ikuspegia txertatzeko» aldarrikapena bultzatu zuela azpimarratu du. Genero ikuspegiaren zeharkakotasuna «berdintasunean aurrera egiteko giltzarri izaten jarraitzen du eta Gobernu honetatik bultzatzen jarraituko dugu», ziurtatu du.

Bestalde, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, omenduei egindako ekarpen handia eskertzeaz gain, Beijingen urteurrena dela-eta NBE Emakumeak erakundeak bultzatutako »           Generation equality» ekimenean Euskadik izango duen parte-hartzearen berri eman du. Mundu mailan egiten ari den ekimen honen helburua da emakumeen eskubideen aldeko gaurko eta iraganeko aktibistak biltzea, gaurko gazteak Beijingo Ekintza Plataforma sortzeko funtsezko zeregina izan zuten pertsonekin. Horrela, Euskadin, Emakundek belaunaldi desberdinen arteko berdintasunari buruzko elkarrizketa publikoak bultzatuko ditu 2021ean.

Emakume omenduek bideo baten bitartez azaldu dute zer suposatu zuen Beijingera egindako bidaiak eta zer eragin izan zuen han jasotakoak euskal gizartean. Era berean, oroigarri plaka bat jaso dute Eusko Jaurlaritzaren aldetik, gizarte berdinzaleago baten eraikuntzan egindako ekarpenagatik esker on gisa.