Gabonetako ospakizunak hurbiltzen ari direla eta, Ertzaintzak hainbat neurri hartzea gomendatzen du etxebizitzetako lapurretak eragozteko. Ekimen honen bidez jarduteko jarraibide sinple batzuk ematen ditu, eta helburua da lapurrei lana zailtzea eta bizilagunak inplikatzea delitu horren prebentzioan.
Prebentzioa
1.- Bizilagunen komunitate inguruan pertsona susmagarriak ikusiz gero, komeni da Ertzaintzara deitzea SOS-Deiak 112 telefonoaren bidez.
2.- Plastikozko markatzaileak, itsasgarri-hariak, seinaleak edo bestelako elementuak aurkitzen badira etxeko sarrerako atean jarrita, Ertzaintzara edo Udaltzaingora deitu behar da, eta ez da ezer ukitu behar. Era horretako elementuak talde antolatuetako lapurrek erabiltzen dituzte etxeak hutsik dauden eta noiz dauden hutsik jakiteko.
3.- Etxeko sarrerako atea giltzaz itxi dela ziurtatu behar da beti, baita barruan gaudenean ere, eta, batez ere, gauez. Ateko giltzari beti eman bira, baita etxetik kanpora minutu gutxi batzuetan egon behar baduzu ere. Atea kolpez itxita bakarrik badago, mekanismoari kalterik egin gabe ireki baitezakete sarraila. Ahalegindu beti etxean norbait dagoela aditzera ematen.
4,- Norberaren etxeko eta komunitateko segurtasun-sistemak mantendu eta zaindu, eta portaleko atea beti itxita izan.
5.- Komeni da segurtasun-sistemak instalatzea, hala nola, bumping edo taladro kontrako sarrailak edo ateak haustea eragozteko segurtasun-ezkutuak. Badira irudiak hartzen dituzten behatxuloak eta bideo-grabazio sistema duten atezain automatikoak ere.
6.- Etxean zaudenean beti erantzun atezain automatikoari. Lapurreta egin aurreko urratsa izan daiteke; izan ere, lapur askok ziurtatzen dute etxean norbait dagoen behin eta berriz txirrina joz, laguntzaileak atean dauden bitartean etxean mugimendurik dagoen entzuten.
7.- Higiezinari atxikita aldamioak badaude, ondo itxi leihoak eta pertsianak. Enpresa instalatzaileei segurtasun-sistemak jartzeko eska diezazkiokezu.
Txaletetan eta beheko solairuetako etxeetan bizi direnek beste era bateko neurriak ere har ditzakete, era horretako lapurretei aurrea hartzeko, besteak beste, honako hauek:
8.- Burdin-hesiak jarri kanpotik erraz iristeko moduko leihoetan. Barra batetik bestera ez utzi 12 cm-tik gorako tarterik.
9.- Ez ahaztu balkoiak, teilatu-hegalak, hormetako irtenguneak, hodiak, eta abar, nahiko erraz eskalatu ditzaketela delitugileek. Arreta berezia jarri halako puntuetatik hurbil dauden leiho eta terrazetan.
10.- Era guztietako egoeretan, baita iluntasun osoan ere, irudiak hartuko dituzten autobabeseko gailu elektronikoak edo neurriak instalatu etxean.
11.- Erne ibili teilatuko atearekin eta garajekoarekin, etxea zuzenean aparkalekuarekin komunikatzen bada.
12.- Lapurreta egiten badizute, ez ukitu ezer, ez jarri gauzak bere lekuan, eta berehala deitu Ertzaintzara.
13.- Etxe barruan lapurrekin topo egiten baduzu, ez aurre egin eta, ahal izanez gero, susmagarriei argazkiak atera, geroko identifikazioa erraztu ahal izateko. Gero berehala deitu Ertzaintzara 112 zenbakiaren bidez.
Herritarren laguntza
Ertzaintzak herritarrei eskatzen die 112ra deitzeko etxeetan edo etxebizitzetan bizilagunen mugimenduak kontrolatzen aritu daitezkeen ibilgailu edo pertsona susmagarriak ikusiz gero.
Garrantzizkoa izango litzateke, ahal den neurrian, herritarrek poliziari pertsona horien ezaugarri fisikoen berri ematea eta, ibilgailuren batean badabiltza, ibilgailuaren matrikula, marka eta modeloa gogoan hartzea eta lehenbailehen jakinaraztea 112ra deituta.
Herritarrek Ertzaintzaren APPa ere erabil dezakete informazioa bidaltzeko, telefono-dei, SMS, posta elektroniko edo whatsapp bidez polizia-erakundearekin harremanetan jartzeko aukera ematen baitu.
Garrantzitsua da herritarrek susmoren bat izanez gero beti deitzea, hobe baita gezurrezko alarma bat egiaztatzea gure etxean lapurreta egin dutela ziurtatu behar izatea baino.