Prostituzioan eta gizarte bazterketako egoeretan dauden emakumeekin lan egiten duen Askabide elkartearentzat Emakunde Saria

0
  • Prostituzioaren inguruko emakumeekin lan egiten duten beste erakunde batzuetara zabaldu du aitorpena epaimahaiak
  • Azpimarratu du Askabidek duen 35 urte baino gehiagoko ibilbidea emakumeen kolektibo horren bizi-kalitatea hobetzen

 

Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria Askabide elkarteak jaso du aurtengo edizioan. Irabazi-asmorik gabeko erakunde hau Euskadin prostituzio-testuinguruetan edo gizarte-bazterketako egoeran dauden emakumeen egoera hobetzeko lanean ari da 1985etik. Epaimahaiak aho batez eman du saria, Askabidek emakumeen kolektibo honen bizi-kalitatea hobetzeko egindako ibilbidea goraipatuz. 

 

Berdintasunaren aldeko Emakunde Sariaren Epaimahaiak aho batez erabaki du Askabide elkarteari ematea Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria 2020ko edizioan. Elkarte hori irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta Euskadin prostituzioan diharduten emakumeen eta gizarte-bazterketako egoeran dauden emakumeen kolektiboaren normalizazioaren eta gizarteratzearen alde lan egiten du.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak Berdintasunerako Emakunde Saria Askabide bezalako talde batek jasotzearen garrantzia azpimarratu du. «Horrelako elkarteek funtsezko eginkizuna betetzen dute gure gizartean, eta askotan administrazioetatik iritsi ezin garen lekuetara iristen dira, eremua ezagutzen baitute, eta horrela osatzen dute erakundeetatik egoera ahulenean dauden pertsonekin egiten dugun lana».

Bestalde, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak adierazi duenez, «sari hau 35 urte baino gehiagoko ekarpenari ematen zaio, prostituzioari emakume bakoitzaren nortasunen eta bizi-esperientzien dimentsio indibidualetik eta, aldi berean, dimentsio sozio-komunitario batetik heldu dion esku-hartze baten bidez, konplexutasun horri guztiari erantzuten saiatzen diren estrategia malguak diseinatu dituelako Askabidek».

Landaidak gogorarazi du feminismoaren barruan ere hainbat jarrera daudela prostituzioaren inguruan.  Zentzu horretan, bere ustez, prostituzioa «botere-harreman desorekatuetan oinarritutako praktika da, bai emakumeen eta gizonen arteko eta bai herrialde aberats eta txiroen arteko desberdintasunean, eta testuinguru horretan egoteak desberdintasun hori indartu besterik ez du egiten». Hala ere, adierazi duenez, «Mundu guztiak uste du lan egin behar dela hemen eta orain prostituzioan diharduten emakumeen bizitza hobetzeko». Eta hori da hain, zuzen ere, Askabidek egiten duen lana administrazioen laguntzarekin.

Bestalde, Miriam Santorcuato Askabideko presidenteak azpimarratu du elkarteak emakumeen ikusgarritasunari buruzko esku-hartze zuzena eta gizartea sentsibilizatzen lan egiten duela, eta bi estrategia nagusien artean, alde batetik, indarkeriaren prebentzioa aipatu du, «emakume prostitutek etengabe sufritzen dutena», eta emakumeen ahalduntzea eta trebakuntza, aukera gehiago eta aukeratzeko askatasun handiagoa izan dezaten.

Epaimahaiaren ustez, azpimarratzekoa da Askabide Elkarteak emakume horientzako topaleku izatea lortu duela, euren kezkak, beharrak edo ametsak berdintasunez partekatzeko. Prostituzioaren eta gizarte-bazterketaren testuinguruan emakumeek jasaten dituzten indarkeria-adierazpenei urgentziazko erantzuna ematea izan da Berdintasunerako Emakunde Saria emateko beste argudio bat, sexu-esplotaziorako emakumeen eta nesken salerosketaren arloan egiten duen lanarekin batera.

Sari honen bidez, Askabidek Euskadiko prostituzioaren esparruan egindako 35 urteko lanari balioa ematen zaio, eta, horrez gain, emakumeen kolektibo horren diskriminazio- eta zaurgarritasun-egoera ikusarazten da gizartearen aurrean, oro har. Epaimahaiak aitorpena zabaldu nahi die prostituzio-testuinguruetan lan egiten duten beste erakunde batzuei.

 

  1. hamarkadatik

Askabidek ibilbide luzea du. 80ko hamarkadan hasi zen Bilbon, boluntario talde batek auzo batzuetako prostituzioaren errealitateari buruz zuen kezkagatik. Garai hartan egoera hori larriagotu egin zen, emakumeen kolektibo horrek gizarte-estaldura eskasa zuelako eta HIESaren gaixotasuna agertu zelako.

Harrezkero, hainbat ekintza eta proiektu garatu dira, Euskadiko prostituzioaren ingurunetik datozen emakumeen bizi-kalitatearen alderdi esanguratsuak hobetzeko. Berdintasun-printzipioarekiko eta genero-ikuspegitik egindako lanarekiko konpromisoa oso errotuta dago Askabiden, prostituzio-testuinguruetan emakumeen autonomia, berdintasuna eta ahalduntzea sustatzera bideratzen baitu bere esku-hartzea.

2015ean, Emakundek emakumeen eta gizonen berdintasunerako lankidetza-erakundearen aitorpena eman zion Askabideri. Gaur egun, elkarteko berdintasun-batzordea, boluntarioz osatua, genero-ikuspegia zeharkako ildo bat eta estrategia bat izan dadin zaintzen ari da.

Sariaren helburua

Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea. Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da.  Kasu honetan, bi masterren artean banatuko da. 

Azken urtetako sarituak: Mari Jose Urruzola 2006an, Bagabiltza elkartea 2007an, Bizkaiko Emakumeen Asanblada 2008an, Lilaton taldea 2009an, 2010ean Teresa del Valle, 2011an Irun eta Hondarribiako alarde mistoak, 2012an Bilboko Modulo psikosozialak. 2013an La Posada de los abrazos elkartea, 2014an María de Maeztu Fórum Feminista, 2015ean Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sarea eta Hitzez Baserriko Emakumeen Elkartea, 2016an Marta Macho, matematiketan doktorea eta 2017an Virginia Imaz klown eta aktorea, 2018an Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko Masterrak eta Deustuko Unibertsitateko Emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeari buruzko Masterrak eta 2019an Cony Carranza hezitzaile feminista.