Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak Administrazioaren digitalizazioa bizkortzeko erabiliko du bere aurrekontuaren ia erdia

0
  • 62 milioi eurotik gora erabiliko ditu Eusko Jaurlaritzaren informazio sistemen zerbitzuarekin eta plataformekin zerikusia duten programak abiarazteko eta berrikuntza teknologikoa, adimen artifiziala, Administrazio elektronikoa eta zibersegurtasuna bultzatzeko.
  • Saileko kontuek Administrazioaren plantillen gaitasuna eta koberturaren aldeko apustu irmoa islatzen dute, atal horretarako aurrekontuaren %20 bideratuko baita.
  • Olatz Garamendi buru duen Sail osoaren aurrekontua 129,5 milioi eurokoa da, iaz baino ia zazpi milioi gehiago.

 

Gobernantza Publikoa eta Autogobernu Sailaren diru-kontuek gobernu digital inklusiboan eredu izatea dute helburu nagusi 2021eko ekitaldirako. Aurrekontuak %5,6 egingo du gora eta 129.423.000 eurokoa izango da, aurreko ekitaldikoa baino ia zazpi milioi euro gehiago. Olatz Garamendi Sailburuak partidak aletu ditu gaur Eusko Legebiltzarrean eta azpimarratu du Administrazioaren eta gobernantza publikoaren modernizazioa dutela erronka, digitalizazioaren eta administrazio elektronikoaren eskutik.

Garamendi Sailburuak nabarmendu duenez, Sailaren gastuaren ia erdia, %48,6, administrazio elektronikoaren modernizazioa eta berrikuntza finantzatzeko erabiliko da. Diru multzo hau gehien bat Herritarren Arretarako eta Zerbitzu Digitalera, plan informatikora eta gobernu on eta gardentasunera bideratuko da.

Sailburuaren hitzetan, modernizaziorako bideratuko diren 62 milioi euroak “administrazioaren digitalizaziorako izango dira, baina zerbitzuaren humanizazioa eta plantilla publikoen prestakuntza eta berrikuntza kontuan hartuta”. Halaber, landa-eremu eta hiriguneen arteko arrakala digitala ezabatzeko, “administrazio hurbila, bizkorra, sinplea eta erraza, gardena eta partizipatiboagoa” bultzatzeko erronkari erantzuten diote aurrekontuek. Honen ildotik, Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetzara atxikita dauden informatikako eta telekomunikazioetako gastua eta inbertsioak 48 milioi eurotik gorakoak dira.

Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordearen aurrean egindako agerraldian, Garamendik azaldu du administrazio publikoko langileen hautaketa, prestakuntza eta estaldura programak indartuko dituztela. Honenbestez, Funtzio Publikoak sailaren aurrekontu osoaren %20 eramango du, 27 milioi euro baino gehiago, hizkuntza normalizazioko egitasmoetarako hamar milioiak barne, bai eta covid-aren aurkako neurrietarako partida bat ere.

Garamendik zuzendutako Sailaren aurrekontuak %8,7 bideratzen du erakundeen arteko harremanak garatzeko, batik bat toki-administrazioan, fundazioetan eta elkarteetan. Alor honetan sartzen dira, halaber, herritarren arreta, Gobernu ireki eta gardena, eta digitalizazioa eta interoperabilitatea.

Arlo horiek guztiek Sailaren %95 baino gehiago erabiliko dute. Gainerakoa (5,6 milioi euro) araubide juridikorako, COJUArako eta autogobernuaren eta gauzatzeke dauden eskumenen transferentzien defentsarako bideratuko dira. Hain zuzen ere, arlo hau indartze aldera, barne egituran aldaketa egin da eta Begoña Perez de Eulate buru duen Estatutuaren Garapenerako Zuzendaritza Garamendi Sailburuaren menpe geratu da.