Artolazabalen sailak % 10,5 handitu du Justizia-administrazioarekin lotzen den inbertsioa

0
  • Justizia Sailburuordetzak 82,14 milioi euro izango ditu sistema judizialaren kalitatea eta efizientzia hobetzeko
  • Eusko Jaurlaritzak 15 milioi euro bideratuko ditu doako laguntza juridikoari eusteko

Vitoria-Gasteiz, 2020/12/23

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, 2021ean Justizia Sailburuordetzak 82,14 milioi euro izango ditu sistema judizialaren kalitatea eta efizientzia hobetuko duten proiektuak garatzeko. Aurrekontu hau aurrekoa baino % 10,5 handiagoa da, eta justiziaren arloko giza baliabideak eta baliabide materialak indartzeko eta azpiegitura eta zerbitzu teknologikoetan inbertsioak egiteko helburua du. 

Aurrekontuaren zati bat, zehazki 33,3 milioi euro, bulego judiziala eta fiskala modernizatzera zuzenduko da. Justiziak, eremu horretan, azpiegitura judizialen programa integral bat egiteko asmoa du. Programa horrek, besteak beste, energia-efizientzia, mugikortasun jasangarria edo irisgarritasun unibertsala hartuko ditu kontuan. Sailburuak nabarmendu duenez, “gure helburuetako bat da genero-indarkeriako epaitegi guztien instalazioak egokitzea, biktimen eta biktimagileen arteko espazio-bereizketa eraginkorra lor dadin”. Egoitza judizial horietan langileen eta materialen zuzkidura sendotuko da, biktimen babes integrala lortze aldera.

Bilboko Lehen Auzialdiko 16 zenbakiko etorkizuneko Epaitegiak, Barroetan, inauguratuko du, 2021ean, Justizia Sailaren azpiegituren plan integrala. Era berean, aurreikusten da 2021eko lehen hiruhilekoan amaituko direla Bilboko merkataritza-arloko 3. epaitegia egokitzeko lanak (Getxon, behin-behinean).

Justizia digitala

Duela urte batzuk hasitako euskal justizia digitalizatzeko prozesuan aurrera egitea da Sailak justizia-administrazioaren modernizazioaren alorrean duen beste erronka handietako bat, Artolazabalen arabera.

Idazten ari den Justizia Digitalaren Planaren barruan, kudeaketa prozesaleko sistema informatikoa garatzera bideratutako askotariko ekimenak bilduko dira; besteak beste, epaitegi eta auzitegien digitalizazio integrala, espediente judizial elektronikoa, egoitza judizial bidezko tramitazio digitalen garapena eta bideokonferentzia bidezko jarduketak.

Aurrekoarekin batera, Justizia arloan 650 ordenagailu eramangarriren hedapena antolatzen ari da, epailetzako eta fiskaltzako langileen, justizia-administrazioko abokatuen eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeko medikuen telelana errazte aldera.

Doako laguntza juridikoa

Justiziaren zerbitzu publikoaren erabilera herritarren artean unibertsalizatzeko xedez, Sailak 15 milioi euro bideratuko ditu doako laguntza juridikoari eusteko. “Doakotasuna bermatzea funtsezkoa da, batik bat baliabiderik gabeko pertsonentzat; hori dela eta, eskaria badago, partida hori handituko dugu”, aditzera eman du Artolazabalek.

Sailburuak nabarmendu ditu “doako laguntza juridikoaren, gazte-justiziaren, familia-elkarguneen, biktimentzako laguntzaren edo zigorrak kudeatzeko zerbitzuaren alde Sailean egiten ditugun apustuak”.

Doako laguntza juridikoa

15.396.992

Gazte-justizia (*)

11.619.856

Familia-elkarguneak

2.011.976

Biktimentzako laguntza – Biktimei Laguntzeko Zerbitzua

1.200.000 

Zigorrak Kudeatzeko Zerbitzua

1.843.463 

Justizia Errestauratiboko Zerbitzua

645.000 

Zigortuak gizarteratzeko eta lan-munduratzeko programak

500.000

 (*) Gazte-justizia: ez dira barnean hartzen langile-gastuak, ezta justizia-administrazioaren programarekin lotzen diren gastuak ere —barnean direla hornidurak, mantentze-lanak, segurtasun pribatu eta abar— (Ibaiondo zentroaren barruan edo adingabeen beste zentro batzuetan). Gazte-justiziaren gastua urtean 15 milioi eta erdi eurotik gorakoa da.

Doako Laguntza Juridikoko Zerbitzua, Biktimari Laguntzeko Zerbitzua, Familia Elkarguneak edo Zurekin Biktimari Laguntzeko Zerbitzua justiziaren humanizazioaren eta justizia pertsonengana hurbiltzearen adibideak dira. Ildo horretan, Justizia arloak aurrekontuaren beste bi milioi bideratuko ditu  —amaitzear dagoen urtean baino % 20 gehiago— emakumeen aurkako delituen biktimei berehalako laguntza juridikoa ematen dien zerbitzuko guardiako abokatuek epaitegietan egindako lana ordaintzeko.

Biktimei Laguntzeko Zerbitzua, beraz, justizia errestauratiboaren arloan sartzen da. Zerbitzu espezializatua da, borondatezkoa eta doakoa, eta genero-indarkeriaren biktimak arreta indibidualizatuaren bidez lehengora daitezen errazten du. 2019an, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu horrek 2.694 pertsona artatu zituen (424 Araban, 1.664 Bizkaian eta 609 Gipuzkoan), eta 9.984 jarduketa egin zituen genero-indarkeriaren, etxe barruko indarkeriaren eta sexu-askatasunaren aurkako delituen arloan.